Politika -

Euskadi irratia

'Ikerketa batzordeek gauzak argitu baino, nahastu egiten dituzte'

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearen arabera, ez luke gertaturikoa argitzen lagunduko. Bestalde, Hiriko proiektuak erakundeen babes zabala izan zuela nabarmendu du.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea. Argazkia: EiTB
'Ikerketa batzordeek gauzak argitu baino, nahastu egiten dituzte'

00:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cabieces auziari buruzko balizko ikerketa batzorde bat irekitzeak ez luke gertaturikoa argitzen lagunduko, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera.

Euskadi irratiari eskainitako elkarrizketan, Josu Erkorekak ziurtatu du ikerketa batzordeek gauzak argitu baino, nahastu egiten dituztela: "Nire esperientzia pertsonalaren arabera, ikerketa batzordeek gauzak argitu baino, nahastu egiten dituzte. Hori da nire esperientzia pertsonala, nik neuk ikusitakoa. Sarri askotan, interesatzen ez diren gauzak, errealitate objektiboak, ezkutuan jartzen dira gehiengoari interesatzen zaizkiolako eta, interesatzen zaizkionak, nahiz eta egia izan ez, azpimarratu egiten direla garrantzia eman nahi zaielako".

Jaurlaritzak Hirikori emandako laguntzei dagokienez, "kontuak zuzenduta eta konponduta daude"

Eusko Jaurlaritzak Hiriko auto elektrikoaren proiektuari emandako laguntza publikoei dagokienez, "kontuan konponduta eta zuzenduta daude", Erkoreka bozeramailearen arabera. Dena den, gogoratu du proiektu horrek Espainiako Gobernuaren diru-laguntzak ere jaso zituela eta Jaurlaritzak ez dakiela diru hori "nola eta zertarako erabili zen".

"Guk une honetan esan dezakeguna zera da, Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzen dagokionean, kontuak zuzenduta eta konponduta daudela. Kontu-ikuskaritza bat egin da eta itzuli behar zena itzuli dute, bere momentuan hala eskatu zitzaielako", gaineratu du.

Erkoreka hala mintzatu da Arabako Fiskaltzak Hiriko auto elektrikoaren proiektuaren sustatzaileen kontra irekitako kereila kriminalaren harira.

Bestalde, Erkorekak azpimarratu du Hiriko proiektuak erakundeen babes zabala izan zuela: "Gasteizko erakundeen babesa, Arabako erakundeen babesa, autonomia erkidegoaren, noski, Estatuarena eta Europarena. Beraz, mundu guztiak ikusten zuen hemen proiektu oso garrantzitsu bat zegoela eta mundu guztiak nahi zion babesa eskaini eta argazkian atera".

Etika Batzordeak datozen egunetan hartuko du Toñari buruzko erabakia

Jaurlaritzaren bozeramaileak baieztatu duenez, Etika Batzordeak datozen egunetan hartuko du Angel Toña Enplegu eta Gizarte politika sailburu berriari buruzko erabakia.

Erabakia ahalik eta epe laburrenean hartzea espero duela azpimarratu du, baina ez da ausartu data zehatz bat ematera; izan ere, bera batzorde horretako presidentea izaki, berari dagokio zereginak antolatzea.

"Orain arte, Etika Batzordeak aho batez hartu ditu erabakiak eta, kasu honetan ere, erabakia aho batez hartzen ahaleginduko gara. Izan ere, Kode Etikoa interpretatzeko moduari buruz adostasun zabala daukagu eta badakigu aho batezko erabakiak hartzeak batzordearen izen onari mesede egiten diola. Ez dut erabakia asko luzatuko denik, baina ez naiz ausartzen noiz izango den esatera. Hala ere, egun gutxi batzutako kontua izango da", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Kutxabank albisteak