Politika -

425.150 euro jaso zituen

Hego Amerikan egindako aholkularitza-lana azalduko du gaur Monederok

‘El Plural’ egunkariak joan den urtarrilaren 18an informazioa ezagutzera eman zuenetik eskaintzen duen lehen prentsaurrekoa irekia izango da gaurkoa.

Juan Carlos Monederoren artxiboko argazkia. Irudia: eitb.eus
Juan Carlos Monedero
Juan Carlos Monederoren artxiboko argazkia. Irudia: eitb.eus

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos Monedero Podemos alderdiko Programa eta Prozesu Konstituziogileko idazkariak prentsaurrekoa emango du gaur Hego Amerikako hainbat herrialderentzat egindako-aholkularitza lanen inguruan azalpenak emateko. 425.150 euro jaso zituen Monederok lan horiengatik eta 2013an fakturatu zituen ‘Caja de Resistencia Motiva 2’ enpresaren bidez.

‘El Plural’ egunkariak joan den urtarrilaren 18an informazioa ezagutzera eman zuenetik eskaintzen duen lehen prentsaurrekoa irekia izango da gaurkoa. Egunkariak zioenez, Monederok 2013ko urriaren 23an sortu zuen enpresa eta 425.150 euro fakturatu zituen horren bidez.

Ordutik, bigarren maila batean izan da Monedero. Informazioa argitaratu eta bi egunera bi elkarrizketa eskaini zituen eta beranduago Madrilen izandako bi mitinetan parte hartu zuen: urtarrilaren 29an Leganesen eta urtarrilaren 31an Madrilen, Podemosek deitutako manifestazioaren amaiera ekitaldian.

Elkarrizketa horietan azaldu zuenez, Bolivia, Ekuador, Venezuela eta Nikaraguarentzat egindako aholkularitza lanengatik jaso zuen dirua, Hego Amerikan txanpon komun bat jartzeko egindako azterketarengatik hain zuzen.

Egindako lanen fakturak esku artean izatean horiek erakusteko konpromisoa hartu zuen Monederok, horretarako baimena eskatu behar zuela gaineratu arren. Aste honetan beharrezkoak diren ‘paperak bildu’ dituela esan du Podemoseko ‘hirugarrenak’ eta gaur emango ditu horiek ezagutzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea