Politika -

Pujol auzia

Pujol, bigarrenez Parlamentuan, Andorran ezkutatu zuen dirutzagatik

Presidente ohia, haren emaztea eta semea ustezko iruzurra ikertzen ari den batzordearen aurrean agertuko dira gaur.

Pujol irailaren 26an izan zen Parlamentuko ikerketa batzordean. EFE
Pujoldarrek Kataluniako Legebiltzarrean deklaratuko dute

1:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inputatu gisa deklaratu eta hilabetera, Kataluniako Parlamentuan izango da gaur, bigarrenez, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohia, Andorran hainbat urtez ezkutatu zuen dirutza ikertzen duen ikerketa batzordearen aurrean deklaratzen.

Pujol bera, Marta Ferrusola emaztea eta Jordi semea 15:00etarako deitu dituzte. Ikusteko dago azken hori batzordera joango den, Kataluniatik kanpo bizi dela frogatzen badu, haren agerraldia ez baita derrigorrezkoa.

Kataluniako parlamentariak beldur dira presidente ohia eta Ferrusola emaztea ohar bat irakurtzera mugatuko ote diren.

Kataluniako presidente ohia duela bost hilabete egon zen batzorde honetan azalpenak ematen. Orduko hartan ez bezala, inputatu gisa arituko da gaur, epailearen aurrean deklaratu eta hilabetera.

Auzia uztailean abiatu zen, Pujolek 30 urtez Andorran dirutza ezkutatu zuela aitortu ondoren, eskutitz baten bidez. Orduan azaldu zuenez, Florenci aitaren herentzia zen Andorrako banketxe batean gordetakoa.

Oposizioko parlamentariek ez dute espero presidente ohiak gauza berririk esatea, baina irailaren 26ko agerraldian baino erneago ibiliko dira, orduko hartan galderak saihestu egin baitzituen Pujolek.

Epailearen aurrean egin zuen bezala, ez hitz egitea erabaki lezake gaur ere Marta Ferrusolak, baina adierazpenen bat egitea espero dute parlamentariek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Iruzurrak argazkiak Ustelkeria politikoa gaur Jordi Pujol berriak