Politika -

Podemos

'Aurrez aurre' eztabaidatzeko desafioa egin dio Iglesiasek Rajoyri

“Alferrikako” gobernu baten buruzagia dela aurpegiratu dio Podemoseko agintariak Rajoyri. “Laster eztabaida bat izatea nahiago nuke; bien arteko eztabaida bat merezi du Espainiak”, azpimarratu du.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia. Argazkia: EFE
Pablo Iglesias Podemoseko buruzagia. Argazkia: EFE
Pablo Iglesiasek dio gezurra dela Espainia amesgaiztotik atera dela

0:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Alferrikako” gobernu baten buruzagia dela esan dio gaur Pablo Iglesias Podemoseko agintariak Mariano Rajoy gobernuburuari. Gainera, “aurrez aurre” eztabaida bat izateko desafioa egin dio Iglesiasek Rajoyri. Podemoseko ordezkariaren hitzetan, PPri irabazi diezaiokeen bakarra bere alderdia da.

Podemosek ekitaldi politikoa egin du Madrilen, ‘Estatuaren egoerari buruzko beste eztabaida. Pablo Iglesiasen txanda’ izenburupean, eta ikusmin handia piztu du ekitaldiak. Entzunaretoa lepo bete da, eta hainbat pertsona kanpoan geratu dira.

“Laster eztabaida bat izatea nahiago nuke; bien arteko eztabaida bat merezi du Espainiak, nahi duzunean, nahi duzun bezala, Rajoy jauna”, azpimarratu du.

Gobernura helduz gero, onartuko lituzketen zenbait neurri azaldu ditu Iglesiasek. Besteak beste, aberastasunaren gaineko zerga eta “zorraren berregituraketa antolatua” aipatu ditu Podemoseko buruzagiak.

“Amesgaiztoa, Rajoy jauna, gure herriak bizi duen errealitatea da”, salatu du Iglesiasek. “Oposizioak Gobernuari erantzuna ematea beharrezkoa zen. Horregatik gaude hemen”, azladu du Podemoseko ordezkariak.

"Adreiluaren kultura"

Podemoseko buruzagiaren hitzetan, “adreiluaren kulturak” Espainiako produkzio-eredua “txikitu” du, eta baita Alemania, NDF eta Europako Banku Zentralarekiko “menpekotasunak” ere.

“Kolonia bat izatea ez dugu nahi”, esan du Iglesiasek. Turismoan eta “adreiluan” bakarrik oinarritutako eredu ekonomikoa kritikatu du eurodiputatuak. Gobernuak Espainia “alkohola merke” saltzen duen “kolonia” bihurtu nahi duela gaineratu du Iglesiasek.

Iglesiasen ahotan, langile arrunt batek 21 egun eman behar ditu lanean IBEX 35eko “exekutibo batek ordubetean irabazten duena” lortzeko. “Lotsagarria da. Nik ez dut horrelako herri bat nahi”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Pablo Iglesias