Politika -

EHU

Unibertsitate Planaren finantziazioa hobetzea eskatu du Legebiltzarrak

2015-2018 Unibertsitate Planaren aurrekontu-saila handitzea eskatu dute Ganberako taldeek aho batez. Gastua BPGaren % 1,3koa izatea nahi dute.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2015-2018 Unibertsitate Planaren aurrekontu-saila handitzea eskatu dute gaur Eusko Legebiltzarreko taldeek aho batez. Gastua BPGaren % 1,3koa izatea nahi dute, baina “aurrekontuetako baliabideen barruan”.

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak egitasmoa aurkeztu du gaur, Gasteizko Ganberan. Planak 1.287,2 milioi euroko aurrekontua du, 2011-2014ko egitasmoak baino 300 milioi euro gutxiago. Aurreko plana exekutibo sozialistak onartu zuen. Isabel Celaa legebiltzarkide sozialistaren hitzetan, egungo inbertsioa BPGaren % 0,88koa da, “eta behera egiten ari da”.

Diru-kopururik handiena Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) finantzatzera bideratuko dute; izan ere, 2018ra arte 1.230,3 milioi euro jasoko ditu. Deustuko Unibertsitateak 30,1 milioi jasoko ditu, eta Mondragon Unibertsitateak, berriz, 26,8 milioi.

Hezkuntza batzordea

Plana eta finantziazioa defendatu ditu Uriartek goizeko saioan, Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean. Egitasmo “zentzuduna, errealista eta malgua” dela adierazi du sailburuak. Egungo krisi egoera alde batera uzterik ez dagoela errepikatu du.

Hala ere, arratsaldean, ebazpen proposamen bat adostu eta aho batez onartu dute taldeek. “Eskura dauden baliabideak kontuan hartuta”, finantziazioa “hobetzea” eskatu du Legebiltzarrak. Gastua BPGaren % 1,3 izatea eskatu dute, “Europako herrialde garatuenen mailan jartzeko”.

Era berean, unibertsitateen inbertsioa ikerketa arloan BPGaren % 0,49ra igotzea eskatu dio Ganberak Eusko Jaurlaritzari, ikerketa-taldeen finantziazioa “sendotzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak