Politika -

Logroño

ELA, Otegiri egin behar zion bisitaz: 'Iragartzeagatik debekatu dute'

Sindikatuaren ordezkaritza igandean agertzekoa zen Logroñoko espetxean, baina, egingo zutela plazaratutakoan, galarazi dute, ELAren arabera. Sortuk, bestalde, debekua salatu du.

Arnaldo Otegiri bisita egitea galarazi dio Gobernuak ELAri

0:35

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak salatu egin du Espainiako Gobernuak debekatu duela igandean Arnaldo Otegi Batasunako bozeramale ohiari sindikatuko zenbait kidek egingo zioten bisita, Logroñoko espetxean. Otegik bost urte baino gehiago daramatza ‘Bateragune Auzia’ dela eta ezarri zioten zigorra betetzen.

Bisita Arnaldo Otegiren Twitterreko kontu ofizialean iragarri zuten eta Fermin Muguruza gipuzkoar abeslaria bertan izan eta astebetera egitekoa zen. Adolfo Muñoz ‘Txiki’ eta Amaia Muñoa, ELAko idazkari nagusi eta idazkari nagusiaren ondokoa, hurrenez hurren, agertuko ziren bihar, espetxe errioxarrean.

Sindikatuak ohar baten bidez zabaldu duenez, Espainiako Gobernuak bisita galarazi du “gizarte aske eta demokratiko batek onartu ezin duen eta hari ez dagokion” arrazoi batek bultzatuta. “Bisita debekatu dute iragarri dutelako”, gaineratu du.

ELAren ustean, preso baten bisita galaraztea publikora zabaltzeagatik “presoaren eskubideen eta, bisita horren bidez, elkartasuna eta babes pertsonala adierazi nahi zuten pertsonen eskubideak urratzea” da.

“Horren moduko gertaerak sistema totalitarioei dagozkie. Hiritarrei isilik egotea inposatzen zaie eta eskubideez baliatzen direnak zigortzen dituzte. ELAk erabat ukatzen ditu portaera arbitrario horiek eta aztertuko du babes judiziala eskatzerik ote dagoen barrabaskeria honen aurrean”, esan dutenez.

Era berean, bisitaren bidez, Arnaldo Otegiri eta ‘Bateragune Auzia’n kartzelatutako gainerakoei elkartasuna adierazi nahi zuten, esan du.

Sortuk debekua salatu du

Sortuk, hedabideei igorritako ohar baten bidez, salatu egin du “ELA sindikatuko Idazkari Nagusi Adolfo Muñozek eta Idazkari Nagusiaren albokoa den Amaia Muñoak Arnaldo Otegi bisitatzeko jasotako debekua”.

“Debeku hau euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespenezko politikaren adibide berri bat da; presoen zein euren senide, lagun eta gertukoen etengabeko eskubide urraketaren beste adibide bat” adierazi du.

“Euskal preso politikoen -dio oharrak- eta euskal jendartearen zein Euskal Herriko eragileen arteko lotura estua etetea lortu  nahi du PPk mendekuan oinarrituriko espetxe politikaren bidez. Oso oker daude nostalgiko frankistak horrelakorik lortuko dutela uste badute, gure herriaren gehiengo politiko eta sozialak aldarrikatzen du eta espetxe politika kriminalaren amaiera, urtarrilaren 10ean Bilbon irudikatu zen bezala”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Berriak Politika ELA