Politika -

Auzitegi Nazionala

ETArentzat diru eskatu izana ukatu dute akusatuek

ETAko ustezko zazpi kide epaitzen hasi dira, estortsio taldeko kide izatea egotzita. Ramon Sagarzazuk, Jean Pierre Harakorenek, Emilio Castillok, Jose Carmelok eta Inazio Aristizabalek deklaratu dute.

ETAren ustezko estortsio taldea epaitzen hasi da Auzitegi Nazionala

00:44

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionala ETAko ustezko zazpi kide epaitzen hasi da gaur, estortsio taldeko kide izatea egotzita. ETArekin zerikusirik izan ez dutela esan dute bost akusatuk epaiketan. Horrela, estortsio taldeko kideak izan direnik eta 2005etik 2006ra arte iraultza-zerga kobratu dutenik ukatu dute.

Ramon Sagarzazu Olazagirre, Jean Pierre Harakorene Camio, Emilio Castillo Gonzalez, Jose Carmelo Luquin eta Inazio Aristizabalen aurkako epaiketari hasiera eman dio gaur Auzitegi Nazionalak. Zazpi akusatuetako bost dira; izan ere, Jesus Iruretagoiena hil da eta Alfonso Martinez de Lizardui salbuetsita dago bere osasun egoera txarragatik.

Elosuarekin izandako elkarrizketak eta gutunak justifikatu dituzte akusatuek. Publizitatea, pilota partiden sarrerak, Eguberrietako zorion-postalak, ardoen salerosketarako fakturak eta ETAren su-etenari buruz hitz egiteko zirela azaldu dute, eta ez estortsioa egiteko.

Deklarazioak

Kirol kazetaria dela gogorarazi du Jean Pierre Harakorenek. Elosuaren laguna zela argudiatu du eta estortsio taldeko kidea zenik ukatu du. Are gehiago, estortsioa nozitu duen norbaiten lagunarekin hitz egin duen bakoitzean, ez ordaintzeko esan diela erantsi du Harakorenek.

Bestalde, diru apurren bat irabazteko publizitatea banatzen zuela azaldu du Emilio Castillok. Besteak beste, Juan Mari Arzak sukaldariari ETAk bidalitako gutunak izatea ukatu du Castillok.

Inazio Aristizabalen hitzetan, atxilotu zutenean “amets sakon batean murgilduta” zegoenaren sentsazioa zuela esan zion epaileari. Elosuarekin izandako elkarrizketan diruaz hitz egin zuela onartu du, baina ardoen salerosketa faktura batzuen inguruan izan zela gaineratu du.

Era berean, estortsioan parte hartu duenik ukatu du Ramon Sagarzazuk. 1986an ETArekin kolaboratzeari utzi ziola azaldu du Sagarzazuk. Bere emaztea hil eta bost urte geroago semea atxilotu eta Frantzian espetxeratu zutela gogorarazi du Sagarzazuk.

“Ez dut sekula estortsio gutunik banatu. Nire printzipioen aurka doa”, adierazi du Jose Carmelo Luquin Elosuaren suhiak. Lurrin-denda bat Faisan tabernaren alboan zuen Luquinek.

Epaiketak astearte honetan, 10:00etan, jarraituko du Auzitegi Nazionaleko egoitzan, San Fernando de Henaresen (Madril). Lekukoen txanda izango da.

Fiskaltza

Fiskalaren arabera, ETAren estortsio taldea Irungo Faisan tabernan aritzen zen. Establezimendu hori 2006an egin zen ospetsu, Espainiako Polizia Joseba Elosua jabearekin harremanetan jarri zelako, Auzitegi Nazionalak agindutako operazio baten berri eman eta hainbat atxiloketa galarazteko. ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bake-prozesuaren garaia zen.

Gaur hasi den epaiketan, fiskalak zortzi urteko espetxe zigorra eskatuko du ETAko ustezko kide hauen kontra: Alfonso Martinez Lizarduikoa, Ramon Sagarzazu Olazagirre, Jean Pierre Harakorene Kamio eta Emilio Castillo Gonzalez. Talde terroristako kide izatea egotzi die.

Halaber, sei urteko zigorra eskatuko du Carmelo Luquinen, Inazio Aristizabalen eta Jesus Iruretagoienaren aurka, ETArekin kolaboratzea leporatuta.

Ministerio Publikoaren esanetan, zazpiak ETAren Gezi taldeko kideak ziren, eta Joseba Elosua Faisan tabernako jabea (iaz hil zen) zuten buruzagia. ETAren buru militarrari estortsio egiteko helburuen berri ematen omen zioten, eta "iraultza zerga" ordainarazteko gutunak bidaltzen ei zituzten.

Besteak beste, Azkoyen enpresari egin zioten estortsio. Konpainia horretako Administrazio Kontseiluaren bost kide ere auzipetuta zeuden, baina Auzitegi Nazionalak Nafarroako epaitegietara bideratu du horien kasua.

Antza denez, bost enpresaburuok ETAri 37 milioi pezeta ordaintzea onartu zuten, eta Azkoyenen kutxatik hartu zuten dirua. Horregatik, Fiskaltzak sei hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuen horien aurka, iruzur egitea leporatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak ETA albisteak