Politika -

Auzitegi Konstituzionala

Langabeen laguntza berrien aurka helegitea aurkeztuko du Jaurlaritzak

Babesik gabe geratu diren langabeentzako 426 euroko diru-laguntza kudeatzea eta ordaintzea Lanbideren eskumena dela adierazi du Erkorekak; izan ere, Enplegu Politika Aktiboen parte da.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Babesik gabeko langabeentzako 426 euroko diru-laguntzaren kudeaketa eta ordainketa zentralizatzea erabaki zuen Estatuak. Erabaki horren aurka Auzitegi Konstituzionalaren aurrean helegitea aurkeztuko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Espainiako Gobernua legealdi honetan behin eta berriro “eskumenak urratzen” ari dela salatu du Gasteizko Exekutiboak. “Nazkatuta” dagoela ohartarazi du Jaurlaritzak.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, helegitea aurkeztea adostu du gaur Gobernu Kontseiluak. Diru-laguntza kudeatzea eta ordaintzea Lanbideren eskumena dela adierazi du Erkorekak; izan ere, Enplegu Politika Aktiboen parte da. Horrela, 2010ean eskumena Jaurlaritzak bereganatu zuela gogorarazi du bozeramaileak. Kudeaketa adosteko borondaterik izan ez dela salatu du Erkorekak.

Honenbestez, 2014ko abenduaren 19ko Lege-dekretuaren zenbait artikuluren kontra helegitea aurkeztuko du Urkulluren Gobernuak. Mariano Rajoyren Exekutiboak, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek adostu zuten diru-laguntza.

Enplegu Politika Aktiboak

Diru-laguntzaren finantziazioa, kudeaketa eta ordainketa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren esku uzten du dekretuak. Era berean, onuradunak onartzeko edo ukatzeko eskumena ematen dio arauak Estatuko zerbitzuari.

Eusko Jaurlaritzak, ostera, langabezia diru-laguntza bat ez dela uste du, enplegua sustatzeko pizgarri bat baizik, eta ondorioz, Enplegu Politika Aktiboen tresna bat. Horregatik, diru-laguntza Lanbidek kudeatu behar duela argudiatu du Erkorekak. Finantziazioa Kontzertu Ekonomiko sistemaren bidez adostu behar dutela erantsi du.

Diru-laguntza emateko 1.000-2.000 milioi euro bideratu behar izango dituela aurreikusi du Espainiako Gobernuak. Jaurlaritzaren hitzetan, eskumena betetzen baldin bada, Kupoa 62.4-74,9 milioi eurotan murriztu beharko litzateke diru-laguntza finantzatzeko.

Diru-sarrerak bermatzeko errenta

426 diru-laguntza jasotzeko baldintzak Euskadin diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko behar direnen “oso antzekoak” direla gogorarazi du Erkorekak. Horregatik, Euskadin bi diru-laguntzak jasotzea ezinezkoa izango dela uste du bozeramaileak. Hala ere, diru-sarrerak bermatzeko errentaren zenbatekoa kontuan hartuta, bizilagunek nahiago izango dutela gaineratu du.

Bestalde, Gobernu zentralaren “errespetu falta etengabea” kritikatu du Erkorekak. Aldebiko harreman sistemaren, Gernikako Estatutuaren eta Kontzertu Ekonomikoaren inguruko “ezjakintasun onartezina” salatu du.

Legealdi honetan eskumenen urraketak salatzeko 13 aldiz Auzitegi Konstituzionalera jo dutela gogorarazi du Erkorekak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Langabezia Espainian gaur Eusko Jaurlaritza albisteak Dirulaguntzak Euskadin