Politika -

Minimo historikoa

Interes tipoak % 0,05ean mantentzea erabaki du EBZk

Europako Banku Zentrala Zipren egiten ari den bileran, dena dela, zor publikoa erosteko iragarri berri den plana nola jarriko den martxan jakiteak piztu du ikusmina.

Europako Banku Zentrala
Europako Banku Zentrala
Europako Banku Zentrala

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Banku Zentraleko (EBZ) Kontseiluak interes tipoak inoizko mailarik baxuenean, % 0,05ean, mantentzea erabaki du gaur. Kontseiluak goizean egin duen bileran, dena dela, Mario Draghik zor publikoa eta pribatua erosteko programaren inguruan emango dituen azalpenek piztu dute ikusmina.

Euroguneko ekonomiaren hazkundeak erakarri du arreta handiena EBZ Zipren egiten ari den bileran. Gaur kaleratuko dituen aurreikuspenak azkenengoak baino hobeak izatea espero da. Batez ere, zor publikoa erosteko iragarri berri den plana nola jarriko den martxan jakiteak piztu du ikusmina. Hil honetan hasi eta gutxienez datorren urteko irailera arte, Banku Zentralak dirua inprimatzeari ekingo dio, estatu kideen zor publikoa erosteko; 60.000 miloi euro hilean, ekonomia suspertu eta deflazio edo prezioen beherakadari aurre egiteko.

Plana eurogune osorako izan arren, EBZk ez du erosiko ez Greziako ez Zipreko zor publikoa, Zipreko presidenteak Draghiri eskari zuzena egin badio ere. Izan ere, bi herrialde horiek erreskatatu egin behar izan zituzten, eta oraindik ez omen dituzte beharrezko baldintzak betetzen.

Greziako egoera da kezkagarriena. Otsailean Europako Banku Zentralak Greziako bankuei likidoa emateari utzi eta gero, ikusteko dago zor publikoaren bonuak berriz onartuko ote dituen Greziako bankuei finantziazioa emateko. Oraingoz, premiazkoa besterik ez die ematen, aspalditik Grezian jasaten ari diren deposituen ihesari aurre egin diezaioten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Batasun europarra Albisteak Gaur Eguneko albisteak EBZ