Politika -

Gurtel auzia

Barcenas, Correa eta beste 38 inputatu epaiketara bidali ditu Ruzek

36 akusaturi 449 milioi euroko bermeak ezarri dizkie Auzitegi Nazionaleko epaileak. Barcenasi 88 milioi euroko fidantza eta Rosalia Iglesias haren emazteari 22 milioiko bermea ezarri die Ruzek.

Luis Barcenas PPko altxorzain ohia. Artxiboko irudia: EFE
Luis Barcenas PPko altxorzain ohia. Artxiboko irudia: EFE
Ruz epaileak Gurtel sareko 40 lagun eramango ditu akusatuen aulkira

1:31

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Barcenas Alderdi Popularreko altxorzain ohiaren, Francisco Correa Gurtel sareko ustezko buruzagiaren eta beste 38 inputaturen aurkako epaiketa hasteko autoa igorri du Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak. Gurtel sarearen lehen garaia (1999-2005) epaituko du prozedurak.

36 akusaturi 449 milioi euroko bermeak ezarri dizkie Auzitegi Nazionaleko epaileak. Barcenasi 88 milioi euroko fidantza eta Rosalia Iglesias haren emazteari 22 milioiko bermea ezarri die Ruzek.

Gainera, Ana Mato Osasun ministro ohiari eta PPri traman dirua irabazteko asmoz parte hartu izana leporatu die magistratuak. Horregatik, Matori 28.467 euroko bermea ezarri dio, eta Alderdi Popularrari 245.000 euroko kauzioa Guillermo Ortega Majadahondako eta Jesus Sepulveda Pozuelo de Alarconeko alkate ohiek ustez egindako delituengatik.

Era berean, Francisco Correa sareko ustezko buruzagiak 60 milioi euroko fidantza ordaindu beharko du. Gema Matamoros Ortegaren emazteari 45.066 eurko bermea ezarri dio Ruzek.

PPko hiru diruzain ohi

Akusatuen artean, Barcenas gain, PPko beste bi altxorzain ohi daude: Alvaro Lapuerta eta Angel Sanchis. Era berean, Alberto Lopez Viejo Madrilgo Kirol kontseilari ohia; Pablo Crespo Galiziako PPren Antolakuntza idazkari ohia; Carlos Clemente Madrilgo Immigrazio kontseilariorde ohia; Ortega eta Sepulveda alkate ohiak eta Jesus Merino diputatu ohia ere inputaturik daude.

Bederatzi akusatu horietaz gain, Carmen Rodriguez Quijano Correaren emazte ohia; Alvaro Perez el Bigotes Valentziako Gurtel sarearen arduraduna; Luis de Miguel finantza burua; Jose Luis Izquierdo kontularia; Antonio Villaverde kontu kudeatzailea eta Isabel Jordan langilea erruztatuen aulkian esertzea proposatu du Ruzek.

Bestalde, Rafael Naranjo Sufi enpresako presidentea, Alfonso Garcia Pozuelo (Constructora Hispanica) eta Jesus Calvo Soria; Jacobo Gordon; Alicia Minguez Chacon, Javier Nombela Olmo, Carmen Garcia Moreno, Antonio Martin Sanchez, Juan Ignacio Hernandez Rodriguez, Inmaculada Mostaza Corral eta Pablo Ignacio Gallo-Alcantara Criado enpresaburuak inputatuen zerrendan daude.

Teresa Gabarra Lopez Viejoren emaztea; Ricardo Galeote Esteponako zinegotzi ohia; Jose Luis Peñas eta Juan Jose Moreno (Correa grabatu zuten Majadahondako zinegotzi ohiak); Angel Sanchis Herrero (Sanchisen semea); Rosalia Iglesias Barcenasen emaztea, Ivan Yañez (Iglesiasen ahalduna Suitzan) eta Roberto Fernandez Pozueloko zinegotzi ohia epaitzea proposatu du Ruzek.

Luis Valor San Roman, Jacobo Ortega, Pedro Rodriguez Pendas, Leopoldo Gomez Gutierrez eta Jose Antonio Saenz ere erruztatuen aulkian eseriko dira.

Defentsa idazkiak aurkezteko 30 eguneko epea

Maria del Mar Rodriguezen aurkako auzia, ostera, artxibatu du epaileak heriotzagatik, eta baiata Placido Vazquez enpresaburuaren kontrakoa ere, preskribitu delako. Iturri juridikoen arabera, abokatuek 30 eguneko epea dute orain defentsa idazkiak aurkezteko.

Madrilen, Gaztela eta Leonen, Espainiako hiriburuaren Udalean eta Majadahonda, Pozuelo eta Esteponako udaletan Gurtel sareak egindako operazioak aztertuko ditu aurreneko epaiketa honek.

Prebarikazioa, eraginen trafikoa, diru publikoak bidegabe erabiltzea, administrazio publikoari iruzur egitea, agiriak faltsutzea, iruzur fiskala, dirua zuritzea, iruzurra, bidegabe jabetzea eta kontratazio arloan legez kontra elkartzea leporatzen diete akusatuei.

Gai Penaletarako Aretoak 26 akusaturen defentsek aurkeztutako apelazio helegiteak atzera bota eta gero, ebazpena igorri du epaileak. Angel Sanchis APko diruzain ohiak eta haren seme-alabek aurkeztutako helegiteak ebazteke dauden bakarrak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Luis Barcenas Ustezko ustelkeria politikoa albisteak