Politika -

Dokumentazioa

Gurtel auzia: Epaiketa 2016an hastea espero dute

Aurreikuspenak betetzen baldin badira, ustelkeria sareko lehen piezaren epaiketa ez da hauteskunde orokorrekin batera gertatuko.

Francisco Correa Gurtel sarearen ustezko burua. Artxiboko irudia: EFE
Francisco Correa Gurtel sarearen ustezko burua. Artxiboko irudia: EFE
Francisco Correa Gurtel sarearen ustezko burua. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurtel sareko “lehen garaiaren” (1999tik 2005era arte) epaiketak 40 inputatu eseriko ditu Auzitegi Nazionaleko erruztatuen aulkian, baina epaiketa 2016 baino lehen ez da hasiko, iturri juridikoen arabera.

Aurreikuspenak betetzen baldin badira, ustelkeria sareko lehen piezaren epaiketa ez da hauteskunde orokorrekin batera gertatuko, teorikoki hauteskundeak 2015eko amaieran egingo dituztelako.

Ordurako Pablo Ruz epaileak Auzitegi Nagusian jarraituko ez duela ziurtatu daiteke; izan ere, bere lanpostua Jose de la Mata magistratuak hartuko du laster. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak magistratuak lantokitik aldatzeko lehiaketan lortu zuen plaza De la Matak antzinatasunagatik .

Hala ere, Gurtel sareko lehen pieza epaiketara heltzeko pauso garrantzitsuak geratzen dira oraindik, hala nola, erreforma autoa eta apelazioa errekurritzeko aukera eta defentsen behin behineko ondorioen txostenak.

Sei urteko instrukzioa eta 100 inputatu baino gehiago

Ikerketa judizialak sei urte bete ditu dagoeneko. Gurtel auziaren instrukzioak 100 inputatu baino gehiago ditu. Pieza nagusi bat eta bi berezi ditu auziak, horietako bat Barcenasen paperak eta bestea lehen inputatuena, magistratuak epaiketara bidali dituenak, alegia.

Gurtel auziaren (uhala alemanez, Francisco Correa sareko buruari erreferentzia eginez) instrukzioari hasiera eman zion Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak 2009ko otsailean. Auzitegi Gorenak Garzon 11 urtez gaitasungabetu zuen urtebete geroago, espetxean zeuden inputatuen eta abokatuen arteko elkarrizketak entzuteko baimena emateagatik.

Gurtel auzia Auzitegi Gorenetik ere pasa da. Luis Barcenas (senataria) eta Jesus Merino (diputatua) parlamentariak ikertzeko eskumena zuela erabaki zuen Gorenak 2009ko ekainaren 24an, baina 2010eko maiatzaren 18an auzia Madrilgo Auzitegi Nagusiaren esku utzi zuen berriro, bi ordezkariek eserlekuari uko egin ziotelako.

Epaitegien aldaketak Barcenasi eta Rosalia Iglesias haren emazteari mesede egin zien; izan ere, auzitik at utzi zituen Pedreira epaileak, senar-emazteen aurkako frogarik ez zegoela iritzita.

Pablo Ruz epaileak auzia zuzentzeko ardura bereganatu zuenean Barcenasen egoera guztiz aldatu zen. Diruzain ohiari dagokionez auziaren artxibatzea atzera bota zuen Auzitegi Nazionaleko Gai Penaletarako Aretoak 2012ko martxoaren 15ean. Horrela, Barcenas dirua zuritzeagatik, iruzurragatik eta kargudunak erosteagatik berriro inputatu zuen.

B kontabilitatea

Barcenas berak beste pieza berezi bat martxan jartzea ekarri zuen, PPren ustezko B kontabilitate paper ospetsuena, alegia. Auziko pieza horretan, 42 urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu zuen Fiskaltzak Barcenasentzat, 109 urte eta hamar hilabete Correarentzat, zortzi urte Sanchisentzat eta hiru Lapuertarentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea