Politika -

Ekitaldi Politikoa

Cuadra: 'Askatasunaren eta independentziaren festa izango da BECekoa'

'Subiranotasuna aldarrikatzen dugu txikiarentzat, ertainarentzat eta handiarentzat, orain eta bihar', esan du Sabino Cuadrak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sabino Cuadra Espainiako Kongresuan Amaiurreko diputatuak esan duenez, bihar Barakaldoko BECen "askatasunaren, independentziaren eta subiranotasunaren festa" izango da.  Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan, EH Bilduk biharko deitu duen ekitaldi-politikoa izan du hizpide Cuadrak.

"Milaka ahots batuko dira, Euskal Herriaren eraikuntzarako prozesurako atzera kontaketa hasi dela esateko", azpimarratu diputatu abertzaleak. "Euskal bidea, bide propioa, gure beharretara  eta gure aldarrikapenetara egokitutako bidea aldarrikatuko dugu", zehaztu du.

Estatu Espainiarra zapata pare batekin alderatu du diputatuak; haren hitzetan, oinetako horiek min egiten digute ibilian eta ez gaude eroso.  "Oinetako horiek ez digute balio gure bidea egiteko. Kendu egin behar ditugu. Herri bezala aurrera egiteko, oinetako erosoagoak behar ditugu. Subiranotasuna nahi dugu txikiarentzat, ertainarentzat eta handiarentzat", gaineratu du. PPren "lege atzerakoiak" eta "murrizketa sozialak" Euskal Herrian ere ezartzen direla salatu du Cuadrak, "hemengo gehiengo sozialak eta politikoak lege eta neurri horiek arbuiatzen dituen arren". "Inposaketa eta errepresioa gure eguneroko ogia dira", zehaztu du.

Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria ere izan du hizpide Amaiurreko diputatuak. Legebiltzarrak, aldundiek edota udalek hartutako ehunka erabakiren kontrako errekurtsoak jarri dituela ekarri du gogora. "Eromen politikoan, Guiness errekorra", gaineratu du.

Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak ere antzeko jarrera duela salatu du. "Foru Erkidegoak ere badu errekorra, Estatuan isunik gehien duen lurraldea da", Cuadraren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EH Bildu Gipuzkoa