Politika -

Isaias Carrasco

Jaurlaritzaren bake plan 'ahanzkorra' ez duela onartuko esan du PSEk

ETAk duela zazpi urte hildako Isaias Carrasco zinegotzi sozialistari omenaldia egin diote Arrasaten eta ekitaldian parte hartu du Idoia Mendia buruzagi sozialistak.

Isaias Carrascori omenaldia egin diote gaur Arrasaten. Argazkia: EFE
Isaias Carrascori omenaldia egin diote gaur Arrasaten. Argazkia: EFE
Idoia Mendiak baztertu du Jaurlaritzaren bake eta bizikidetza plana

0:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak gaur ohartarazi duenez, haren alderdiak ez du "Iñigo Urkulluren gobernuak proposatutako bake plana onartuko", "apropos anbiguoa eta ahanzkorra delako".

Hala mintzatu da Idoia Mendia, ETAk duela zazpi urte hildako Isaias Carrasco zinegotzi sozialistari Arrasaten egin dioten omenaldian.

Isaias Carrasco hil zuten tokian bertan lore eskaintza egin diote gaur eguerdian Arrasaten eta ekitaldian izan dira Marian Carrasco alarguna eta Sandra, Ainara eta Hadei seme-alabak. Duela zazpi urte hil zuten Carrasco, lanera joateko autora sartu zenean.

Hainbat ordezkari sozialistak parte hartu dute omenaldian, besteak beste, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiak, Rafaela Romerok, Jose Antonio Pastorrek eta Txarli Prietok.

Mendiak baieztatu duenez, PSE-EEk ez du Jaurlaritzak proposatutako bake plana onartuko, haren ustez, euskal Gobernua "gauzei bere izenez ez deitzeko hiztegian hitzak bilatzen" saiatzen delako eta "hilketez, bahiketez eta estortsioez hitz egiteari uko egiten diolako".

Buruzagi sozialistaren esanetan, ezin dira eroso sentitu entzuleen baitan diskurtsoa aldatzen duen Gobernuaren estrategiarekin.

"Lehendakariak aurreko egunean esan zigun iraganari modu autokritikoan begiratu nahi ziola, baina ez dugu hemendik hogei urtera lehendakaria herrialde honetako elkarbizitza egonkortu ez izanaz damutzea", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Idoia Mendia albisteak Euskal sozialistak