Politika -

AP-1 autobidea

Hasi dira deklaratzen 'Bidegi auzi'ko hiru inputatuak

Bidegik 2011ko ekaineko likidazioan ordaindutakoa eta gaur egun egiaztatutako kopuruak ez zetozela bat atzeman zuen Gipuzkoako Aldundiak. Berehala, auzitara eraman zuen.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da, Azpeitiko auzitegian, ‘Bidegi auzi’ko epaiketa, hiru inputatuen deklaraziekin.

Gipuzkoako Diputazioak azaroaren 21ean aurkeztutako kereila kriminala onartu egin zuen Azpeitiko Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak, eta Bidegiko eta eraikuntza enpresetako hiru arduradun deklaratzera deitu dituzte, inputatu gisa.

AP-1 autobideko Eskoriatza Iparra-Arrasate Iparra (Epele) tartearen eraikuntza lanekin lotutako dokumentuak aztertuta ikusi zuen Aldundiak Bidegik 2011ko ekaineko likidazioan ordaindutakoa eta gaur egun egiaztatutako kopuruak ez zetozela bat. Hain zuzen, AP-1eko tarte honetan aurkitutako ezberdintasunak (Basagoiti-2 obra soberakin biltegiarekin zuzenean lotutakoak bakarrik kontuan hartuta), 3,4 milioi eurokoak dira.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak likidazio horiek ordaintzeko ziurtagiriak sinatu zituzten hiru pertsonen aurkako kereila kriminala aurkeztu zuen; pertsona horiek Bidegiko, obra zuzendaritzako eta enpresa kontratistako arduradun ohiak dira.

Epaileak kereila bideratzea onartu zuen, "kereilan jasotakoak dokumentuak (publikoak, ofizialak eta ziurtatuak) faltsutu eta diru publikoa bidegabe xahutu zela erakusten duelako".

Epaileak inputatu gisa deklaratzera deitu zituen Bidegiko zuzendari tekniko ohia, obra zuzendari ohia eta Laurena aldi baterako enpresa batasuneko gerente ohia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea