Politika -

A-15 errepidean

Nafarroa aipatzen duten bide-seinaleak estali ditu Gipuzkoak

Horrela, EAEko Auzitegi Nagusiak ezarritako neurriak bete ditu Gipuzkoako Aldundiak, baina erabakiarekin ados ez dagoela eta helegitea aurkeztu duela azpimarratu du.

Gipuzkoako bide-seinalea, Nafarroako aipamenik gabe. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Gipuzkoako bide-seinalea, Nafarroako aipamenik gabe. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ezarritako kautelazko neurriak bete eta A-15 errepidean Nafarroa aipatzen zuten bide-seinaleak estali egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Ohar baten bidez Aldundiak jakinarazi duenez, ez dago ados EAEko erabakiarekin, eta helegitea aurkeztu du. Hala ere, "agindua betetzeko epea amaitzear zegoela", neurriak bete behar izan ditu, eta bide-seinaletan "Nafarroari bakarrik egindako erreferentziak" estali ditu.

"Udalerrien elkarteak garatutako marka nazionala erabiltzeko" akordioa hitzartu zuten iaz Gipuzkoako Aldundiak eta Udalbiltzak. Horren arabera, Euskal Herria eta Nafarroa aipatzen zuten bide-seinale berriak jarri zituzten Gipuzkoako errepideetan.

Nafarroako Gobernuak akordio horren aurka egin zuen, eta kautelazko neurriak eskatu zituen. Ondorioz, EAEko Auzitegi Nagusiak kautelazko neurriak adostu zituen, eta 10 eguneko epea eman zion orduan Gipuzkoako Aldundiari neurri horiek ezartzeko.

Hala ere, Aldundiak azaldu duenez, "helegitearen funtsa aztertzean, auzitegi horrek ebatziko du bide-seinale horiek zuzenak direla eta ez dutela inor kaltetzen". Hori dela eta, "seinaleak kendu beharrean, horiek estaltzea" erabaki du, "etorkizunean aurreko egoerara itzuli ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur