Politika -

Bidegi auzia

Olanok ukatu egin du 'behar baino gehiago' ordaindu izana

Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiak agerraldia egin du Bidegi auzia ikertzen ari den batzordean.

Markel Olano eta Eneko Goia, Bidegi auziko ikerketa batzordean. EFE
Markel Olano eta Eneko Goia, Bidegi auziko ikerketa batzordean. EFE
'Gezurra da AP-1ean egin ez ziren lur mugimenduak ordaindu zirenik'

03:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusigai jeltzaleak agerraldia egin du gaur Batzar Nagusietan, Bidegi auzia ikertzen ari den batzordean. AP-1 autobideko lanetan ustez izandako irregulartasunen erantzukizun politikoak argitu nahi dituzte bertan.

Egin ez ziren lan batzuen truke 3,4 milioi euro eman izana egotzi dio Bilduren Foru Gobernuak EAJren aurreko Exekutiboari, eta, hori dela eta, kereila bat aurkeztu du epaitegian. Olano zen ahaldun nagusia ustezko irregulartasun horiek izan ziren garaian.

Horren ildotik, Bildu "gezurretan" ari dela salatu du hautagai jeltzaleak, eta ikerketa batzordea "arineketan" eta "aditu independenteek ikerketa egiteko denbora nahikorik izan gabe" sortu izana egotzi dio.

Olanoren esanetan, Foru Gobernuaren kereilak "informazio faltsua" du oinarrian, eta Bilduk "arerio politikoaren aurka egiteko" erabili ditu Batzar Nagusiak. Batzordearen helburua, ikertzea baino gehiago, "aldez aurretik ezarritako ondorio batzuk publiko egitea da, ezker abertzalearen estrategiaren mesederako", gaineratu du.

Ahaldun nagusi ohiak hainbat agiri "manipulatu" izana leporatu dio Bilduri, eta ukatu egin du lanetan "behar baino euro bat gehiago ere" ordaindu izana.

Era berean, ukatu egin du lanak egin zituen enpresa taldeak "eskatutakoa baino 20 milioi euro gehiago jaso izana". "Enpresa taldeak 180 milioi euro eskatu zituen hasieran, ez 131, eta, azkenean, negoziazio gogorren ondorioz, 151 milioi ordaindu genituen, hasieran eskatutakoa baino 29 gutxiago", gaineratu du.

Eneko Goiaren agerraldia

Bestalde, Eneko Goia Donostiako alkategai jeltzaleak ere agerraldia egin du gaur, garai hartan Bide Azpiegituren diputatua izan baitzen.

Horren haritik, aditu independenteek ikerketa bat egitea beharrezkoa dela esan du Goiak, "Bilduren lagunek" egindakoa berresteko.

Bilduk, PPk eta Aralarrek, baina, baztertu egin dute ikerketa independente bat eskatzea, egiteko denbora nahikorik ez dagoela argudiatuta.

"Zein da helburua: egia ezagutzea edo maiatzaren 24a baino lehen ez ezagutzea?", galdetu du alkategai jeltzaleak, Bilduk hauteskunde interesak dituelakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Ustezko ustelkeria politikoa albisteak Ustelkeriaren mapa Espainian