Politika -

Kutxabank

Cabieces auzian pertsonatu dira hainbat sindikatu eta gizarte eragile

Ardura politikoak ere epaitzeko eta "klientelismo politiko eta mesede-tratu" guztiak azaleratzeko eskatuko dute.

Cabieces auzian pertsonatu dira hainbat sindikatu eta gizarte eragile

02:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LAB, ESK, STEILAS, ENHE, HIRU sindikatuak, EKA kontsumitzaileek elkartea, Euskal Herriko Pentsiodunen Elkartea eta AHT Gelditu Elkarlana 'Cabieces auzia'n pertsonatzeko izapideak abiatu dituzte gaur. Kutxabanken izandako ustezko ordainketa irregularrak ikertzeaz gain, ardura politikoak ere epaitzeko eta "klientelismo politiko eta mesede-tratu" guztiak azaleratzeko eskatuko dute.

Sindikatuotako eta gizarte eragileotako kideak Bilboko epaitegira joan dira goizean, Bilboko 4. zenbakiko Instrukzio epaitegian abiatutako auzian akusatu gisa aritzeko izapideak abiatzeko. Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia eta Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria izandakoa apirilaren 16an agertuko dira epailearen aurrera, inputatu gisa.

Bilboko epaitegietan adierazpenak egin dituzte Isabel Castro (ESK) eta Urtzi Ostolozaga (LAB) ordezkariek. Azaldu dutenez, "Fiskaltzak salatutako irregulartasunen erantzule zuzenak ez ezik, arlo politikotik erabaki horietan parte hartu zutenak ere epaitzea nahiko genuke".

Horrez gain, "euskal kutxek pribatizazio prozesuari ekin ziotenetik eta Kutxabank sortu zenetik izandako irregulartasunak, mesede-tratuak eta klientelismo politiko" guztiak azaleratzeko eskatuko dute.

Sindikatu eta gizarte eragile hauen aburuz, "euskal kutxen likidazio prozesuak, Kutxabanki banku-negozioa uzteak, Estatuan barrena hedatzeko politikak eta banketxearen akzioak esku pribatuen esku uzteko asmoak testuinguru egokia utzi dute  iruzurra egiteko".

"Kutxabanken pribatizazioan atzera egitea" eskatu dute

Sindikatuen eta eragile sozialen esanetan, kutxen "likidazio prozesua" aurrezkiak bertan gorde zituzten pertsonen aurkako "iruzur handia" izan da.

Horren ildotik, kutxen administratzaileek hartutako hainbat erabaki salatu dituzte, hala nola, "akzioak finantza erakundeei saldu izana, Caja Sur erosi izana, aktiboak funts 'putreei' saldu izana, erakunde publikoei kutxen kontrola kendu izana eta eskandaluzko kontratuak egin izana". "Iruzurrak baditu erantzule politiko zuzenak: EAJ, PSE eta PP", gaineratu dute.

Horien esanetan, gainera, "hori guztia argitara ateratzen" saiatuko dira, eta, auzian pertsonatuta, tankera horretako jarduerak etorkizunean errepikatzea galaraztea lortu nahi dutela azaldu dute.

Azkenik, "euskal kutxen likidazioan eta Kutxabanken pribatizazioan atzera egitea" eskatu dute sindikatu eta gizarte eragilek hauek. "Kutxen izaera publiko eta soziala indartu beharra dago, eta langileen, aurreztaileen eta gizartearen interesen kontrako jarduerekin behin betiko amaitu", erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kutxabank berriak