Politika -

Araba

Artxibatu dute SOS Arrazakeriak De Andresen aurka jarritako kereila

Arabako Ahaldun nagusiak "iruzurraren maisua" izatea egotzi zion elkarteari.

Javier de Andres Arabako Ahaldun nagusia. EFE
Javier de Andres Arabako Ahaldun nagusia. EFE
Javier de Andres Arabako Ahaldun nagusia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko arduradunak artxibatu egin du SOS Arrazakeria elkarteak Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiaren aurka jarritako kereila.

De Andresek "iruzurraren maisua" izatea leporatu ziolako aurkeztu zuen kereila elkarteak, baina epaileak ahaldun nagusiaren adierazpen askatasunari heldu dio, salaketa atzera botatzeko. SOS Arrazakeriak iragarri du helegitea aurkeztuko duela.

Hain zuzen ere, "laguntza sozialen arloko iruzurren maisua eta kolaboratzaile nagusia" izatea egotzi zion De Andresek, eta elkartearen Gasteizko egoitzan 764 atzerritar erroldatuta daudela gaineratu zuen.

SOS Arrazakeriatik azaldu zutenez, tankera horretako erroldak legezkoak dira, Espainiako Estatistika Institutuaren ebazpen baten arabera. Izan ere, arauak "helbide simulatuak" erabiltzea baimentzen die etxerik ez dutenei, Zerbitzu Sozialek kasua "ezagutzen" badute. Pertsona horiek jakinarazpenak jasotzea eta osasun txartela lortzea da helburua.

Nolanahi ere, epailearen hitzetan, "errolda lortuta" pertsona horiek laguntza sozialak ere jaso ditzakete. Horrenbestez, De Andresen hitzak "gutxienez partzialki egiazkoak" direla ondorioztatu du.

Autoaren berri izan ostean, De Andresek "gizarteari iruzur egitea" egotzi dio berriz SOS Arrazakeriari, eta etorkinak "gizarteratzea" baino gehiago, "erakarri" egiten dituela nabarmendu du.

Bestalde, SOS Arrazakeriak gogorarazi du aurreko udal gobernuak "aitortu" egin zituela aipatutako erroldak. "Ez da normala legegintzaldi batean legezkoa dena hurrengoan ez izatea", deitoratu du. Gainera, legez kanpoko jarduerarik egin dutela uste badu, auzitara jotzeko deia egin dio ahaldun nagusiari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PP Araba