Politika -

Eguneko albisteak

Martxoaren 23ko albisteak

Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

Susana Diazek irabazi ditu Andaluziako hauteskundeak. EFE
Susana Diazek irabazi ditu Andaluziako hauteskundeak. EFE

I. GOMEZ | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehen itzulia Ipar Euskal Herrian

Ipar Euskal Herriko departamenduetako hauteskundeen lehen itzulia izan da igande honetan, eta datorrenean egingo dute bigarrena. UMP eskuineko alderdia izan da garaile asteburu honetan, eta Frantziako Alderdi Sozialista, Euskal Herria Bai eta Fronte Nazionala ere lehiatuko dira bigarren itzulian. EH Baik 17.000 boto eskuratu ditu, eta bost kantonamendutan ordezkaritza lortzeko borrokan izango da. Marine Le Penen Fronte Nazionalak ere lortu du bigarren itzulirako txartela, baina alderdi sozialistaren eta UMPren arteko lehia izango da nagusi herri handienetan. Parte hartzea % 52koa izan da.

MAM-eko argazkia: elecciones-iparralde-eitb_

Susanaren garaipena

Andaluzian ere hauteskundeak izan ziren atzo protagonista. Hainbat dira atzoko egunak ekarri dituen lerroburuak. Susana Diazen (PSOE) garaipena (buruzagi sozialistak 2012ko emaitzei eutsi die -47 eserleku-, baina ez du gehiengo osoa lortu eta beste alderdiren batekin ituna egin beharko du gobernuburu izateko), Alderdi Popularraren porrota (17 eserleku galdu ditu eta 33rekin geratu da), Podemos (15) eta Ciudadanos (9) alderdiek lortutako emaitza onak, Izquierda Unidak jasandako danbatekoa (12 eserleku izatetik 5 izatera pasatu da) eta UPyD ordezkaritzarik gabe geratu izana. Emaitza horiek erabat aldatu dute Andaluziako mapa politikoa.

Korrika, Bizkaian

Euskararen aldeko lasterketak bosgarren eguna du gaurkoa. Asteburua Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta Gipuzkoan barrena eman du, eta Bizkaian sartuko da gaur: 13:05ean izango da, Elorrion. Korrikaren inguruko guztia eitb.eus-eko webgune berezian dugu: ibilbidea, ordutegiak eta argazkiak, besteak beste.

Azken agurra emango diote Miren Peñari

Antsoaingo San Pedroko Kaputxinoen elizan egingo dute Miren Peña Artikako 43 urteko bizilagunaren aldeko hileta elizkizuna. Laboral Kutxak bere hipoteka berriz negoziatzeari ezezkoa eman eta gero, bere buruaz beste egin zuen emakumezkoak. Haren "hilketa" salatzeko elkarretaratzeak antolatu dituzte hipoteken kaltedunen elkarteek. Gaur bertan kontzentrazioak deitu dituzte Zaragozan eta Garesen, eta asteartean Antsoaingo udaletxearen aurrean bilduko dira. Peñak bi urte zeramatzan langabezian, eta agortua zuen jada langabezia-saria. Duela egun batzuk, lana eskatu zion Faurecia EMC enpresari, bertatik kaleratu baitzuten aldez aurretik, baina konpainiak ez zion ezta egoitzan sartzen utzi ere. Ostiralean, Laboral Kutxak ukatu egin zion hipoteka modu ordenatuan berrantolatzea. Mikel Otazu Antsoaingo hipoteken kaltedunen ordezkariaren esanetan, horixe izan zen bere buruaz beste egiteko arrazoia.

Realaren garaipena

Hirugarren aldiz jarraian, Realak garaipena lortu du asteburuan. Oraingoan, 3 eta 1 irabazi du Anoetan, Kordobaren aurka. Emaitzari erreparatuta kontrakoa dirudien arren, lanak izan dituzte txuri-urdinek andaluziarrak mendean hartzeko. Hiru puntuez gain, Carlos Velaren berragerpena eta Finnbogasonen Ligako lehen gola izan dira partidako beste protagonistak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur