Politika -

Lau atxiloketa

Jaurlaritza: 'Inolako beharrik gabe gizartea tenkatzen du operazioak'

Operazio ereduak “iraganeko kiratsa” duela uste du Gasteizko Exekutiboak. Atxiloketak “formak eta prozedurak errespetatu gabe” egin dituztela kritikatu du Jaurlaritzak.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak| Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Presoak laguntzeko sare baten kide izatea leporatuta lau pertsona atxilotu ditu gaur Guardia Zibilak. Polizia operazio ereduarekin “ados ez” dagoela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Gasteizko Exekutiboaren hitzetan, “euskal gizartea inolako beharrik gabe aldian-aldian tenkatzen du eta iraganari dagokio”.

Etxerateko eta Jaiki Hadi medikuen kolektiboko lau kide atxilotu ditu Guardia Zibilak goizean. Operazioa baloratu du Jaurlaritzak agiri batean.

“Demokrazian” formek eta prozedurek “garrantzi handia” dutela gogorarazi du Gasteizko Exekutiboak. “Oinarrizko eskubide eta askatasunak erabat errespetatu behar dituzte”, erantsi du.

“Bizikidetza normalizatua sendotzeko saiakera batean ari garen garaian, premisa horren garrantzia areagotu da”, gaineratu du Eusko Jaurlaritzak.

Mota honetako operazioek “aldian-aldian euskal gizartea inolako beharrik gabe tenkatzen dute; atxilotuekin lotutako ikerketa bat abiatzeko benetako arrazoiak baldin badaude, ez litzateke egokiago modu ordenatuan deklaratzera deitzea euren eskubideak eta askatasunak errespetatuz?”, galdetu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Durangon.

“Iraganeko kiratsa”

Operazio ereduak “iraganeko kiratsa” duela uste du Gasteizko Exekutiboak. Atxiloketak “formak eta prozedurak errespetatu gabe” egin dituztela kritikatu du. “Autonomien Estatu batean bizi gara, eta eskumenen banaketa dago”, gogorarazi du.

Zentzu horretan, Ertzaintzari “txintik esan gabe” operazioa aurrera eraman dutela salatu du bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Presoak bideoak