Politika -

Zigor Kodearen erreforma

Kongresuak 'Mozal legea' eta espetxealdi iraunkorra onartu ditu

Oposizioa kontra agertu da, eta gizartearentzat "egun beltza" dela esan du, "biziarteko kartzela zigorra" eta herritarren protestei "mozala" jartzea onartu delako.

'Mozal legea'ren kontrako protesta. Argazkia: Efe
'Mozal legea'ren kontrako protesta.
'Mozal legea'ren kontrako protesta. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrilgo Diputatuen Kongresuak argi berdea eman dio Zigor Kode berriari PPren babesarekin eta oposizioaren kontrako botoarekin. Oposizioak salatu du erreformaren onarpenarekin "egun beltza" dela gizartearentzat, "biziarteko kartzela zigorra" indarrean jartzen duelako, kartzelaldi iraunkor berrikusgarriaren bitartez, eta "mozal legea" deiturikoagatik.

Aldeko 181 botorekin, kontrako 138rekin eta bi abstentziorekin, Kongresuak urte eta erdiko izapideei eman die amaiera, aurkeztutako 2.000 zuzenketatik 400 bat sartu ostean. Zigor Kode berria uztailaren 1ean jarriko da indarrean.

Gaurko eztabaidan, oposizioak esan du "egun beltza" dela demokraziarentzat eta gizartearentzat Espainiako ordenamendu jurdikoan "biziarteko kartzela zigorra" sartuko dutelako, kartzelaldi iraunkor berrikusgarriaren bitartez. PPk azpimarratu du "espainiarren bi herenek" babesten duela arau berria.

Eztabaidaren ostean, Rafael Catala Justizia ministroak hitz egin du, eta esan du orain gizarteak "herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzeko tresna hobea" izango duela, "delitu mota berriei aurre egiteko eta gehien behar dutenak hobeto babesteko" balioko duelako. "Gaur egun ona da Zuzenbide Estatuarentzat eta demokraziarentzat", goraipatu du.

Erreforma horrekin, 16 urtera igoko du sexu-harreman baimenduak izateko adina, faltak desagertu egingo dira, eta delitua izango da alderdi politikoen legez kanpoko finantzazioa.

Arau berriarekin, ustelkeria delituen zigorrak gogortu egingo dira, kargudun publikoen preskripzio epeak eta gaitasungabetzeak luzatu egingo dira, eta baldintzapeko askatasuna lortzeko, errudunek legez kanpo eskuratutako diru publiko guztia itzuli beharko dute.

'Mozal legea'

Herritarren Segurtasunerako Legearen kasuan ere, PP bakarrik geratu da. Gobernuak dio lege berriarekin askatasuna handituko dela, baina Gobernu aldaketaren bat badago legea bertan behera gera daitekeela aitortu du.

Oposizioak "mozal" legetzat jotzen du, "errepresioan" oinarritzen delako, nahiz eta hasierako proposamena bigundu duten.

Lege berriarekin, Atzerritarren Legea aldatuko dute, legez kanpoko immigranteak mugan bertan beste aldera bidali ahal izateko. Uztailean indarrean jarriko den lege honek, hala ere, galarazi egingo du arrazoi etnikoengatik sarekadak egitea, baina aurpegiaren zatiren bat estalita duten pertsona guztiak identifikatzeko aukera izango du poliziak.

Jorge Fernandez Diaz Barne ministro espainiarrak seguru esan du legeak askatasun handiagoa emango diela herritarrei. "Indarrean sartzen denean askatasuna bermatuko da", adierazi du ministroak, arauak "bilera eta manifestazio eskubidea" ez dituela ukitzen azpimarratu aurretik.

Dena dela, oposizioak berretsi du herritarrek ez zutela halakorik eskatzen eta ez dela beharrezkoa. Gainera, helburu bakarra kaleko protestak "mozalarekin isiltzea" dela salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea