Politika -

'Pastor' operazioa

Lau atxilotuak, 15.000 euroko fidantzapean aske

Bermea ordaintzean geratuko dira libre Oihana Barrios, Izaskun Abaigar, Nagore Lopez de Luzuriaga eta Fernando Arburua.

Iruñean, Donostian, Kanpezun eta Zamudion egin zituen atxiloketak Guardia Zibilak. EFE
Lau atxilotuak, 15.000 euroko fidantzapean aske

1:14

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak 15.000 euroko fidantzapean aske utzi ditu asteazkenean Pastor operazioaren harira atxilo hartutako lau lagunak. Laurei 'ETAko presoen aldeko sareko' kide izatea egotzi die epaileak, eta horrenbestez, kautelazko neurriak ezarritako utzi ditu libre.

Hala, berme hori ordainduta, aske geratuko dira Oihana Barrios, Izaskun Abaigar, Nagore Lopez de Luzuriaga eta Fernando Arburua. Laurek, euren abokatua lagun zutela, Madrilgo Tres Cantos polizia-etxean egindako galderei erantzutea uko egin zieten atzo.

Lopez de Luzuriaga eta Abaigar Etxerateko kideak dira. Lehena joan den hilean Urkullu lehendakariarekin bildu zen ordezkarietako bat da. Abaigarri dagokionez, hil honen hasieran Etxeratek Bruselara babes bila bidalitako kideetako bat da. Arburua eta Barrios, berriz, presoei osasun-arreta ematen dien Jaiki Hadi elkarteko kideak dira.

Operazioa "mendekua" izan da, Iheslarien Kolektiboaren aburuz

Bestalde, Pastor operazioa gogor salatu du Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak eta "Estatuaren politika errepresiboaren adibide bat" dela azpimarratu du: "mendekua dute oinarri", agertu dute ohar batean. Hain justu, Espainiako justiziari haien kontra aritzeari eta "neurri errepresibo guztiak" uzteko eskatu diote.

Testuan azaldu dutenez, herritar askok "Euskal Herrian garai berri bat abiatzeko erakutsitako borondate eta nahiari bortxazko erantzuna eman die Estatuak".

Deitoratu dutenez, "zabaldutako aukera galtzeaz gain, mendekua oinarri duen politika errepresiboa jarraitu dute. Aste honetako operazio errepresiboa da horren adibide argiena", esan dute Pastor operazioari erreferentzia eginez.

Erasoak eraso, Biarritzen 2013an iragarritako bidaia-orriari eutsiko diotela azpimarratu dute kolektiboko kideek, "aurrera egiteko eta aukera berriak sortzeko" bide bakarra dela sinistuta.

Horrez gain, "gatazka konpontzearen aldeko indarrak biderkatzeko" deia egin diete euskal herritarrei. "Euskal Herrian, jasaten ditugun erasoak salatzeaz gain, gatazka konpontzeko moduaren inguruan akordio bat lortu behar dugu. Bake iraunkor eta justu bat lortzeko akordioak adosteko unea da", erantsi dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Presoak argazkiak