Politika -

Araban

Laguntza logistikoa emateko zentro multimodala proposatu du EAJk

Arabako ahaldun nagusirako eta Gasteizko Alkatetzarako EAJren hautagaiek azpimarratu dutenez, zentro hori "funtsezkoa" izango da Arabako industriaren modernaziorako.

Gasteizko Alkatetzarako EAJren hautagai Gorka Urtaran. Argazkia: EiTB
EAJk Jundizen merkantziak garraiatzeko geltokia egitea proposatu du

0:19

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jundizeko industriari Laguntza Logistikoa eskaintzeko Zentro Multimodalaren proiektua aurkeztu dute larunbat honetan Arabako ahaldun nagusirako EAJren hautagai Ramiro Gonzalezek eta Gasteizko Alkatetzarako EAJren hautagai Gorka Urtaranek.

Jeltzaleen irudiko, azpiegitura horri esker, "aire, itsaso edo errepide bidez, Euskadirik irteten edo Euskadira sartzen diren merkantzien lotune bihurtuko da Jundiz, eta  trenbide garraioa ere indartuko da". "Zalantzarik gabe, zentro horrek ere lagunduko du dagoen enplegua mantentzen eta enplegu berriak sortzen", gaineratu dute.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusirako EAJren hautagaiak adierazi duenez, haren agintaldiaren lehentasuna ekonomia izango da. "Araba oraingo egoeratik atera behar da. Arabarrak ekonomia suspertzeko egitasmoak eskatzen ari dira, eta Euzko Alderdi Jeltzaleak egitasmo horiek emango dizkie", esan du.

"Gaur proposatzen ari garen bezalako egitasmoak behar ditugu gure ekonomiak hobera egitea nahi badugu", baieztatu du.

Horren harian, Gonzalezek nabarmendu duenez, logistika guztiz ezinbestekoa da industriaren lehiakortasuna bultzatzeko. "Enpresa berriak bertan instalatzea nahi badugu, enpresen lehiakortasuna areagotzen lagunduko duten elementuak behar dituzte", azaldu du, "eta merkantziak mugitzeko gaitasuna eta logistika guneetatik hurbil egotea funtsezko elementu horietako batzuk dira" azaldu du.

Hautagai jeltzaleak gaineratu duenez, Arabak abantailak ditu, bere kokapen geoestrategikoa dela-eta. "Ardatz Atlantikoan ezinbestekoa den kate-mailaren erdigunean gaude, eta bertan lotzen dira errepide eta trenbide sareak eta aireportuak", adierazi du.

"Gainera, beste gauza bat ere badugu gure alde: Arasur-Jundiz-Foronda Ardatza osatzen duten plataforma logistiko multzoa", gogora ekarri du Ramirok, "eta hori bultzatu behar da, esportazioak ere ahalbidetzeko".

Industria lehiakorra eta modernoa

Bestalde, Gasteizko Alkatetzarako EAJren hautagai Gorka Urtaranek adierazi du hurrengo agintaldirako EAJk ezarritako zazpi konpromisoen artean dagoela Gasteiz enpleguaren eta industriaren hiri bihurtzea.

"Udalerri honen etorkizunerako ezinbestekoa dira industria moderno eta lehiakorra izatea, eta horretarako behar-beharrezkoa da esfortzuak biderkatzea, ez bakarrik industrializazioan, baizik eta baita nazioartekotzean, inbertsioan eta berrikuntzan ere".

Amaitzeko, Gasteizen kokapen ona azpimarratu du Urtaranek: "Bilboko portutik 60 kilometrotara dago, aireportu instalazio bikainak ditu Forondan, eta errepide eta trenbide ardatzaren erdian dago".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea