Politika -

2012ko greba orokorrean

Ertzainek ez zuten Nafarrate zauritu, ebatzi du Arabako Auzitegiak

Gazte gasteiztarrak kordea galdu zuen eta sei egunez izan ospitalean. Barne Sailak -garai horretan Rodolfo Aresek gidatuta- hasieratik esan zuen Xuban erori egin zela.

Grebako gertakarien bideoaren irudia. Argazkia: EiTB
Grebako gertakarien bideoaren irudia. Argazkia: EiTB
Grebako gertakarien bideoaren irudia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak ez du aintzat hartu Xuban Nafarratek Ertzaintzaren aurka aurkeztutako helegitea, 2012ko martxoan, greba orokorrean, eragin zizkioten zauriengatik. Auzitegiaren ikuspuntutik, Nafarrate ez zuten gomazko pilotek zauritu, Gasteizen izandako liskarretan.

Gazte gasteiztarrak kordea galdu zuen eta sei egunez izan ospitalean, garezurrean izandako traumatismoagatik.

Nafarratek hasieratik esan du buruko zauriak ertzain batek jaurtitako gomazko pilota batek eragin zizkiola. Barne Sailak, aldiz, -garai horretan Rodolfo Aresek gidatuta- beti eutsi dio bestelako hipotesiari, hau da, Xuban erori egin zela ihes egiten ari zenean.

Oraingoan, Arabako Probintzia Auzitegiak ikerketa berriak abiarazi eta zalantzazko puntuak argitu ditu.

Hala, epaitegiaren ebazpenean, auzitegiko mediku baten testigantzan oinarritu da epailea. Horren arabera, Xuban Nafarratek buruan izan zuen zauria ez zen pilotakada batek eragin ohi dituen bezalakoa.

Era berean, Nafarrateren erorikoa jasotzen duen bideoan agertzen denez, ustez tiro egin zuen ertzaina Nafarraterengandik eta beste agente batengandik bost bat metrora zegoen eta, tiro egin izan balu, ondorioak larriagoak izango ziren.

Horren ildotik, "ikaragarrizkoak izango ziren -ondorioak-, bai tiroak zuzenean jo izan balio, baita errebotearekin ere".

Gainera, datu horiek kontuan hartuta, eta ikerketa "zabala eta sakona" egin ondoren (2013tik instrukzio prozesuan egindako diligentzien ingurukoa), Arabako Probintzia Auzitegiak ebatzi du Nafarrateren zauriak ez zituztela "gomazko pilota batek eragin".

"Agenteak egoera arriskutsu batean zeuden eta neurrizko erantzuna eman zuten", gaineratu du epaiak.

Azkenik, bideoan, Nafarratek "aurre egin zion, nolabait", ertzainen lanari, zoruan zegoenean, dio epaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Araba