Politika -

Auzitegi Nazionala

CANen lehen presidenteak kutxaren gainbeheraz ohartarazi zuen Barcina

Riezuk berretsi du Nafarroako presidenteari txostena eman ziola horren berri emanez. Kudeaketa txarraren ondorioz, Nafarroako Kutxaren kaudimena "nabarmen murriztu" zela dio dokumentuak.

Lorenzo Riezu Nafarroako Kutxaren (CAN) lehenengo presidentea. Argazkia: Efe
Lorenzo Riezu Nafarroako Kutxaren (CAN) lehenengo presidentea.
Lorenzo Riezu Nafarroako Kutxaren (CAN) lehenengo presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lorenzo Riezu Nafarroako Kutxaren (CAN) lehenengo presidenteak berretsi du Yolanda Barcina Nafarroako presidentea ohartarazi egin zuela erakundearen egoera txarraz. Izan ere, kudeaketa txarraren ondorioz, Nafarroako Kutxaren kaudimena "nabarmen murriztu" zela dion dokumentua helarazi zion.

Riezuk Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu du gaur lekuko gisa, CANeko ustezko operazio irregularren eta Banca Civica burtsa atera zeneko ikerketaren baitan.

2011n egindako aipatu txostenaren harira zuen hitzordua Riezuk, eta Barcinari, orduan CANen kontrol batzordeko buru ere bazenari, helarazi ziola berretsi du.

Kontuz elkartearen akusazioan, txostena aipatuta, jakitera eman zutenez, Nafarroako Kutxak 2002tik 2010era (Banca Civica sortu zenean) izan zuen kaudimen galeraren arrazoiak hauek ziren: "Neurriz kanpoko hedapen egitasmoa", "aurre erretiro planak" langile berriak kontratatzen ziren bitartean, eta "mota guztietako gastu orokorren" neurriz kanpoko gorakada.

"Egindako kudeaketak Kutxaren kaudimena nabarmen kaltetu zuen, eta hori agerian geratzen ari da", gaineratzen zuen txostenak.

Kudeaketa txarraren adibide gisa, "enpresa partizipazioen salmenta, tresna elkarteen salmenta, mendeko betebeharren emisioak, lehentasunezko partizipazioak" eta higiezinen salmenta, egoitza sozialarena barne, aipatzen zituen.

Riezuren arabera, azken pausoa "Banca Civicaren partizipazioena izan zen, zalantzazko etorkizuna" zutelako eta "Nafarroako Kutxa finantza edukirik gabe" utzi zutelako.

Velascok artxibatu egin zuen Banca Civicaren auzia, eta Nafarroako Kutxarena Iruñera igorri zuen, baina Auzitegi Nazionaleko zigor aretoak, maila altuagoan dagoenak, berriro irekitzea agindu zuen, UPyDren helegitea aintzat hartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Yolanda Barcina albisteak Nafarroako albisteak