Politika -

Datorren irailaren 11an

Bartzelonako Meridiana etorbidea jendez bete nahi dute aurtengo Diadan

"Kataluniako Errepublikaren kale nagusia" bihurtzeko asmoa du Kataluniako Batzorde Nazionalak.

Kataluniako Batzorde Nazionalak 2015eko Diadaren aurkezpen ofiziala egin du. Argazkia: EiTB
Kataluniako Batzorde Nazionalak 2015eko Diadaren aurkezpen ofiziala egin du. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Batzorde Nazionalak gaur iragarri duenez, aurtengo Diadaren harian, Bartzelonako Meridiana etorbidea jendez bete nahi du datorren irailaren 11an, "Kataluniako Errepublikaren kale nagusi bihurtzeko".

Kataluniako Batzorde Nazionala (ANC) Lleidako Barris Nordeko pabilioian bildu da, eta Mobilizazio Sozialerako Komisioko hainbat kide oholtza gainean izan dira. Iragarri dutenez, Meridiana etorbidea 135 zatitan banatuko dute, Kataluniako Parlamentuak dituen aulki kopuru bera, alegia.

"Oraindik iragarri ezin dugun gauza asko prestatu ditugu", esan dute txaloen artean, "baina Diada oso parte-hartzailea izango da, eta herritarrak izango dira protagonistak". Gainera, ANCko kideek "behin betiko pausoa" emateko eta Meridiana etorbidea "katalanen topagune" bihurtzeko asmoa adierazi dute.

"Gure esku dago. Datorren irailaren 27an Parlamentuan gehiengoa lortzeko erronka dugu, eta hori lortzeko lanean izango gara, hautagaitza katalanisten ekintza-batasuna agerian gera dezan, eta guztiek independentziarako konpromisoa har ditzaten. Indarra gizarte zibilean datza, eta guztiak batzea lortu behar dugu", gaineratu dute.

Diadaren mobilizazioak sustatzeko ekitaldiak datorren ekainean hasiko dira. Bestalde, datozen hilabeteetan ANCk herritarrei azalduko die Kataluniako balizko errepublika batek nola garatuko lituzkeen ongizatea, justizia soziala, aniztasuna, jasangarritasuna, elkartasuna, hezkuntza edo kultura, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diada bideoak