Politika -

Frantziako hauteskundeak

Jean-Marie Le Penek bere hautagaitzari uko egitea erabaki du

"Fronte Nazionaleko hautagai onena ni naizela uste dudan arren, ez dut neure burua aurkeztuko", esan du Le Figaro egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jean-Marie Le Pen Fronte Nazionaleko sortzaileak ez du bere hautagaitza aurkeztuko Provence eskualdeko presidentetzarako hauteskundeetan. Bere ibilbide politikoaren urte gehienak bertan egin ditu Le Pen aitak. Kargua hartzeko hautagairik onena bere iloba dela azpimarratu du.

“Fronte Nazionaleko hautagai onena ni naizela uste dudan arren, ez dut neure burua aurkeztuko”, esan du Le Figaro egunkariari eskaini dion elkarrizketan.

Bere ibilbidea Fronte Nazionalaren “etorkizunaren onerako” sakrifikatuko duela iragarri du Le Penek elkarrizketa horretan. Alderdia 1972. urtean sortu zuen, Frantziako ultraeskuindarren beste hainbat ordezkarirekin batera. “Ez diot alderdiari kalterik eragingo”, erantsi du.

Fronte Nazionaleko sortzaile eta alderdiko presidente dena alabarekin haserre agertu zen iragan astean. Sistemaren aurrean makurtzea eta alderdia "dinamitatzea" leporatu zion eskuin muturreko alderdiko buruzagiak alabari.

Marine Le Penek aitaren hautagaitzari babesik ez ziola emango adierazi zuen, iaz Europako hauteskundeetan Provence eskualdean botoen % 33 lortu zituen arren.

Bere tokia hartzeko “aukera gutxi” daudela esan du Le Penek. Hala ere, Marion Marechal Le Pen iloba ordezkari “zoragarria” litzatekeela nabarmendu du. Jean-Marie Le Penen ilobak 25 urte ditu, eta Fronte Nazionalak Asanblea Nazionalean duen ordezkarietako bat da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia