Politika -

29 urteko espetxe zigorra

EITBren atentatuagatik Mardarasi ezarritako zigorra, bertan behera

29 urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak Oihana Mardarasi. Auzitegi Gorenak, berriz, baliorik gabe utzi du.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Oihana Mardarasi Auzitegi Nazionalak ezarritako 29 urteko espetxe zigorra. EITBren egoitzaren aurkako atentatuagatik zigortu zuten, baina Gorenak ez du frogatutzat eman atentatu horretan parte hartu zuenik eta, hortaz, absolbitu egin du.

EITBren egoitza ondoan eztandarazitako bonba jartzeko edota lehergailua egiteko prozesuan parte hartu zuela esateko frogarik ez du atzeman Auzitegi Gorenak, ezta ibilgailuaren lapurretan edota furgonetaren jabearen atxiloketan ere.

Gertakaria 2008ko abenduaren 31an izan zen Bilbon, eta kalte material ugari eragin zituen.

Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren atalak atentatuaren egiletzat jo zuen Mardaras eta ondorengo delituak egotzi zizkion: kalte handiak, legez kontrako atxilotzea eta lapurreta. Talde terroristako kide izatetik absolbitu zuen, ordea, delitu horrengatik Frantzian jada epaitua izan zen eta.

Epaian jasotzen denez, Mardaras Basakatu komandoko kidea zen 2008an, beste bi lagunekin batera, Ibai Beobide horien artean. Beobide gertaera horiengatik zigortu zuten, eta lehen deklarazioan atentatuan parte hartu izana egotzi zion Mardarasi.

Idatzian jasotzen denez, hiruren artean egin zuten 100 kilo lehergai zituen artefaktua.

Absoluzioa

Mardarasen abokatuek kasazio-errekurtsoa jarri zuten, eta Auzitegi Gorenak aintzat hartzea erabaki du. Ez du frogatutzat ematen Mardarasek atentatu horretan parte hartu izana.

Horrez gain, Ibai Beobideren deklarazioa polizia-etxean egin zela, baina bere hitzak ez zituela epailearen aurrean berretsi azpimarratu du Gorenak.

Egotzitako delitu guztiengatik absolbitu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ETA