Politika -

PRESOAK

Antton Troitiño Espainiaratzea baimendu du Erresuma Batuko Justiziak

ETAko kide izatea leporatuta eman du estraditatzeko baimena Howard Riddle epaileak.

Troitiño
Troitiño
Antton Troitiño Espainiaratzea baimendu du Erresuma Batuko Justiziak

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko Justiziak onartu egin du Antton Troitiño ETAko preso ohia Espainiaratzea.

Hain zuzen ere, ETAko kide izatea leporatuta eman du estraditatzeko baimena Howard Riddle epaileak, baina ez du onartu Espainiak egozten zion beste kargua (agiri ofizialak faltsutzea).

EFE agentziak aurreratu duenez, Troitiñoren defentsak helegitea aurkeztuko du Londresko Auzitegi Gorenean. Zazpi eguneko epea du horretarako.

Gaurko epaiketan, epaileak ez ditu onartu ETAko preso ohiaren abokatuaren argudioak, eta Erresuma Batuaren eta Espainiaren arteko konfiantzak lehentasuna duela adierazi du, "hori baita euroaginduen oinarria".

Orotara, hiru estradizio epaiketa egin dituzte Troitiñoren aurka Erresuma Batuan. Lehenengoa 2013ko urrian bukatu zen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 'Parot doktrina' baliogabetu zuenean. Izan ere, Espainiako Justiziak doktrina hori ezarri nahi zion, atzeraeraginez.

Troitiño iazko otsailean atxilotu zuten berriz, horren aurkako bigarren prozesu judiziala abiatu zenean, baina Emma Arbuthnot epaileak baliogabe utzi zuen euroagindua, akatsak zituela argudiatuta.

Espainiako Auzitegi Nazionalak konpondu egin zituen akatsok, eta beste euroagindu bat eman zuen. Gaur ezagutu den erabakia prozesu horren ondorio da.

Mark Summers abokatuaren esanetan, Troitiñoren aurkako prozesuak "kutsu politikoa" du, baina Ben Lloyds fiskalak ukatu egin du Espainiako Justiziak "asmo txarrez" jokatu izana.

Besteak beste, ETAk 1986an Madrilen Guardia Zibilaren autobus baten aurka egindako atentatuan hartu zuen parte Troitiñok. 12 agente hil zituzten atentatu hartan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Albisteak doktrina parot Politika albisteak Erresuma Batua albisteak Espainia albisteak Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Eguneko albisteak Albisteak