Politika -

Salaketa

Prietoren enpresa 'segurtasun arrazoiengatik' kontratatu zuen PSEk

Fiskaltza Txarli Prieto Arabako PSE-EEko kidearen aurkako salaketa aztertzen ari da. Prieto Arabako sozialisten buru zenean PSEk bere enpresari lanak esleitu ote zizkion ikertzen hasi da fiskala.

Txarli Prietoren kontrako salaketa jarri du anonimo batek

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusi ohiak onartu egin du Alderdi Sozialistak berak zuzentzen zuen enpresa bati obra batzuk egiteko kontratatua esleitu izana. “Segurtasun eta konfiantza” arrazoiengatik enpresa hura kontratatzea erabaki zutela argudiatu du.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Txarli Prieto Arabako PSE-EEko kidearen aurkako salaketa aztertzen ari da.  Prieto Arabako sozialisten buru zenean alderdiak bere enpresari lanak esleitu ote zizkion ikertzen hasi da fiskala, era anonimoan heldu zaion salaketa batean oinarrituta.

Bilbon egin duen agerraldian, Prietok esan du PSE-EEko egoitzetan hainbat obra egiteko, hamabost urtez Escoiba enpresa kontratatu izan dutela, beti ere “normaltasun osoz” eta “legearen baitan”.

Erantsi duenez, Escoiba enpresarekin lotura izan du, beste bazkide batekin zuzentzen baitzuen. Izan ere, 1992 eta 2012 urteen artean, enpresa horretako kudeaketaz arduratu zen. 2009an, politikagintzan hasi zenean, “jarduera bietan” aritu zen aldi berean.

Escoibaz gain, beste enpresa batzuk ere obra horietan aritu zirela azaldu du Prietok, ETAren atentatuek eragindako kalteak konpontzeko. Hala ere, Escoiba “larrialdiko eta konfiantzazko enpresa” zela onartu du, “alderdiei egoera delikatu horietan segurtasuna ematen zion enpresa baitzen”.

“Ez litzateke oso zentzuzkoa izango konfiantzazkoa ez zen enpresa bat kontratatzea”, gaineratu du.

Gai “desatsegin” hau lehenbailehen konpontzeko, Fiskaltzaren “esanetara” dagoela esan du Txarli Prietok.

Mendia: 'Prieto zigortzeko arrazoirik ez dut ikusten'

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, ez du arrazoirik ikusten Txarli Prietoren aurka neurriren bat hartzeko. "Ez dago arrazoirik, irregulartasunik ere ez dagoelako", adierazi du agerraldi batean. Gogoratu duenez, egun Txarli Prietok ez du kargurik alderdi barruan. Hala ere, PSE-EE Fiskaltzaren esanetara izango dela gaineratu du Idoia Mendiak.

'Susmoetan oinarritutako salaketa'

Fiskalak jasotako salaketa anonimoaren arabera, Txarli Prieto Arabako idazkari nagusi zenean, 2010 eta 2011. urteetan, enpresa horri eman zioten alderdi sozialistaren hainbat egoitzetan lanak egiteko kontratua.

Carpalsoro fislalari hainbat faktura eta txeke bidali dizkiote, sinadura gabeko bidalketa baten bidez.

Obra horiek egiteko dirua Barne Ministeriotik lortu zuten, guztira 71.000 euro. Besteak beste Amurrio, Bastida, Laudio edo Aguraingo egoitzetan segurtasun neurriak hobetzeko lanak izan ziren.

Fiskaltzaren iturriek diotenez, igorle anonimoak gain-kostuak eta egin gabeko lanak iradokitzen ditu, eta alderdi sozialistaren ezagutza ona du.

Juan Calparsoro fiskala aztertzen ari da eskuartean duen dokumentazioa,  ikerketa ofiziala zabaltzeko adina oinarri duen ala ez ikusteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PSE-EE