Politika -

Faisan auzia

Bi pertsona zigortu dituzte ETAren estortsio sarearekin lotuta

Jean Pierre Harocareneri ETAko kide izatea (4 urte) eta Emilio Castillo Gonzalez laguntzaile izatea (2 urte eta erdi) leporatzen diete. Sagarzazu, Arsitizabal eta Luquin absolbitu egin dituzte.

Faisan taberna. Argazkia: EiTB
Faisan taberna.
Faisan taberna. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak 4 urteko eta bi urte eta erdiko kartzela-zigorrak ezarri dizkie bi pertsonari Irungo Faisan tabernan jarduten zuen ETAren estortsio sareko kide izatea egotzita, eta gainerako hiru auzipetuak absolbitu egin ditu.

Auzitegi Nazionaleko lehenengo sekzioak zigortutakoak Jean Pierre Harocarene eta Emilio Castillo Gonzalez dira. Lehenari ETAko kide izatea leporatzen diote (4 urteko kartzela-zigorra), eta bigarrenari, laguntzaile izatea (2 urte eta erdiko zigorra). Bestalde, auzitegiak absolbitu egin ditu frogarik ez edukitzeagatik Ramon Sagarzazu, Ignacio Aristizabal eta Jose Carmelo Luquin, Joseba Elosua Faisan tabernaren jabea zenaren suhia.

Auzitegiaren arabera, zigortutako herritarrek Gezi izeneko ETAren azpiegitura bat osatzen zuten, eta Elosua zen burua. Elosuak poliziaren abisua jaso zuen 2006ko maiatzean, eta horrela galarazi egin zuen poliziak estortsio sarearen kontra egitekoa zuen operazioa. Abisu hori emateagatik urte eta erdiko kartzela-zigorra jaso zuten Enrique Pamies eta Jose Maria Ballesteros poliziek.

Epaileak dio Faisan taberna "gutunak jaso zituztenek ETArekin harremanetan jartzeko eta ordainketen kantitateak eta epeak adosteko ohiko lekuetako bat zela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak ETA