Politika -

‘Kutxabank auzia’

Hasi dira deklaratzen 'Kutxabank auzi'ko inputatuak

Fernandez, Cabieces a Alkorta inputatu gisa deklaratu dute gaur goizean, EAEko bankuak Cabiecesi ustez egindako ordainketak ikertzeko auzian.

Mario Fernandez eta Mikel Cabieces. Artxiboko irudia: EiTB
Mario Fernandez eta Mikel Cabieces. Artxiboko irudia: EiTB
Oihu artean iritsi da Mikel Cabieces epaitegira

00:28

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak eta Rafael Alcorta abokatuak ostegun honetan deklaratuko dute inputatu gisa, ‘Kutxabank auzia’n. EAEko bankuak Cabiecesi ustez egindako ordainketak ikertzen ari dira auzian. Ustez 243.592 euro ordaindu zizkion bankuak Gobernuko ordezkari ohiari.

LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, EKA eta Euskal Herriko pentsiodunen elkartea herri-akusazioa izango dira. Gainera, inputatuen agerraldietan izango dira ostegun honetan eta ostiralean.

EAEko Auzitegi Nagusiko iturriek baieztatu dutenez, deklaratzen lehenengoa Alcorta izan da, 11:00etan. Kutxabankeko presidente ohiak 12:00etan deklaratu du, eta Gobernuko ordezkari ohiak 13:00etan.

Ana Isabel Alvarez Fernandez epaileak hirurak inputatu gisa deklaratzera deitu zituen auto batean. Carmen Adan del Rio Bizkaiko fiskalburuaren aurrean egindako deklarazioetan eta dokumentazioan delitu zantzuak izan daitezkeela azaldu zuen magistratuak idatzian.

Mikel Cabieces PSE-EE . Argazkia: EFE

Lopez de Eguilaz eta Moll, ostiralean

Gainera, Fernando Lopez de Eguilaz bankuko Giza Baliabideen zuzendariak eta Roberto Moll entitateko kontu-ikuskaritza zerbitzuetako zuzendariak lekuko gisa deklaratuko dute ostiralean. Kutxabankek egindako salaketan oinarri bezala erabili zuten txostena egiteko lanak zuzendu zituen Mollek. Aurrenekoak 11:00etan deklaratuko du, eta bigarrenak 12:00etan.

‘Kutxabank auzia’ otsailaren 10ean igorri zion Fiskaltzak epaitegiari. Salaketa bankuak berak aurkeztu zuen, ordainketetan delitu zantzuak zeudela iritzita. Mikel Cabieces Gobernuko ordezkari ohiari ordainketak Mario Fernandezen agintaldian egin zizkioten.

Nahiz eta Fiskaltzari gertakarien berri eman, auzian ez pertsonatzea erabaki zuen Kutxabankek otsailaren 25ean, ezohiko Administrazio-kontseiluan. Prozeduran pertsonatu behar zen ala ez argitzeko eskatu zion magistratuak bankuari idatzi batean.

Fernandezek, otsailaren 6an, Fiskaltzaren aurrean lekuko gisa deklaratu zuen epaitegiak ikerbideari hasiera eman baino lehen. “Operazioan irregulartasunik” izan ez zela ziurtatu zuen Kutxabankeko presidente ohiak. “Guztiz legitimoa” izan zela erantsi zuen. Gainera, entitateari “kalterik” egin ez ziola azaldu zuen.

Komunikabideei igorritako agiri batean, terrorismoaren aurkako borrokarekin eta Barne Ministerioarekin lotutako pertsonei “irtenbide profesional” bat erraztea “ohiko praktika” zela azaldu zuen Fernandezek. Mikel Cabiecesekin horixe bera egin zutela gaineratu zuen Kutxabankeko presidente ohiak.

Bestalde, ordainketak “justifikaturik” zeudela adierazi zuen Cabiecesen abokatuak, bankuari zerbitzu juridikoak eskaini zizkiolako. Alkate ohi sozialista “gerra baten biktima” dela esan zuen abokatuak.

Elkarretaratzea

Fernandez eta Cabiecesen deklarazioak direla-eta, 'Euskal Herrian finantza sistema publikoa, Kutxak-Kutxabank pribatizaziorik ez' plataformak elkarretaratzea egin du Epaitegiaren aurrean, agerian geratzen ari diren iruzur eta abantailak salatzeko.

Plataformatik, bankuaren 'akzioak' aurrezki kutxei bueltatzea eskatu dute, gaur epaituko duten auzien antzekoak saihesteko bidean.

Alderdi politikoei ere "konpromiso" bat eskatu diete, Kutxabank "mundu mailako kasino finantzarioan" sartzea ekiditeko.

Plataforma horretan LAB, ELA, STEE-Eilas, EHNE, HIRU eta beste hainbat eragile daude ordezkatuta.

ELAk “gertatutakoa lehenbailehen” argitzeko eskatu du, eta “horren guztiaren atzetik” erantzukizun politikoak badirela adierazi du.

LABek, bestalde, Kutxabank barruan “garai batean” gertatutako “ustezko irregulartasunak” salatu ditu.

Elkarretaratzea Kutxabank Publikoa plataforma, Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langile Abertzaleen Batzordeak EAE albisteak Kutxabank albisteak Epaiketak Ustelkeria politikoa gaur Abokatuak azken ordukoa Euskal sindikatuak Steilas ESK sindikatua gaur