Politika -

Adierazpen polemikoak

Euskara eskatzeak 'Bilduko jendailari' egiten dio mesede, PPren ustez

EH Bilduk "Arabarena ere baden hizkuntzarekiko errespetua" eskatu dio Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi eta ahaldun nagusigaiari.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: Efe
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia.
Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako PPk hizkuntza "hesiak" jartzea leporatu die alderdi abertzaleei, arabarrek enplegu publikorik lor ez dezaten, herrialde horretan "euskaldun gutxiago" dagoelako, eta, horrela, "hemengo postuak Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorritakoek eskuratzeko". Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak, gainera, "euskararen kontura bizi diren elkarteak Bilduko eta Batasunako jendilajearen esku" daudela salatu du.

De Andresek, Iñaki Oyarzabal alderdikidearekin batera, hizkuntza politikarako proposamena aurkeztu du Gasteizen, maiatzeko hauteskundeei begira.

Oyarzabalek alderdi abertzaleen jarrera eta Administrazio publikoko lanpostuak lortzeko egungo araudia kritikatu du, euskara eta gaztelania, erkidegoko bi hizkuntza ofizialak, menderatzea eskatzen duelako.

"Jende asko eta asko dago badakitenak haien seme-alabek aukerak galtzen dituztela abertzaleek euskararen eskaria handitzeko duten gogo biziagatik, horrela arabarrak baztertzea eta lanpostuak Gipuzkoatik eta Bizkaitik etorritakoek eskuratzea lortzen dutelako", esan du.

Arabako ahaldun nagusiak, bestalde, elkarteak ere kritikatu ditu, "euskararen alde ez, euskararen kontura" bizi direlako. Gainera, "Bilduko, Batasuneko eta jendilaje horren guztiaren esku" geratu direla uste du.

EH Bilduk errespetua eskatu du

EH Bilduk "Arabarena ere baden hizkuntzarekiko errespetua" eskatu dio Javier de Andres Arabako ahaldun nagusi eta ahaldun nagusigaiari.

Prentsa-agiri batean, koalizio abertzaleak gaitzetsi egin du PPk "arabarrekiko, orokorrean, eta euskaldunekiko, bereziki, duen errespeturik eza", eta gaurko adierazpenak "probokazioa” eta "erabateko ezjakintasunetik" eginak direla adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Alderdi Popularra Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak EH Bildu Euskadiko PP berriak