Politika -

Diru zuritzea

Ratoren kontu korronte guztiak blokeatzeko agindua eman du epaileak

Gobernuko presidenteorde ohiarekin eta haren sozietateekin zerikusia duten kontu korronte, gordailu, funtsa eta mailegu guztiak berehala blokeatzeko agindua eman du magistratuak.

Rodrigo Rato Gobernuko presidenteorde ohia bere etxera itzuli da. Argazkia: EFE
Rodrigo Rato Gobernuko presidenteorde ohia bere etxera itzuli da. Argazkia: EFE
Epaileak kontuak bahitu dizkio Rodrigo Ratori

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Rato Gobernuko presidenteorde ohiarekin eta haren sozietateekin zerikusia duten kontu korronte, gordailu, funtsa eta mailegu guztiak berehala blokeatzeko agindua eman du gaur epaileak.

Gainera, kontu horietako mugimenduen informazio historikoa eskatu du magistratuak, ikerketako iturriek jakitera eman dutenez.

Horrela, ustezko diru zuritzea eta iruzurra ikertzen ari den Antonio Serrano-Arnal epaileak sektoreko patronalei ?Espainiako Bankuen Elkartea (AEB), Espainiako Aurrezki-kutxen Konfederakundea (CECA) eta Kreditu Kooperatiben Batasun Nazionala (Unacc)- agindua igorri die, ministro ohiaren eta harekin zerikusia duten sozietateen kontuak blokeatzeko.

Iturrien arabera, dirua ateratzea eragotziko du kontuen blokeoak, baina diru-sarrerak izaten jarraituko dute kontuek. Hala ere, diru-sarrerak berehala blokeaturik geldituko dira.

Madrilgo Salamanca auzoan Ratok duen bulegoaren miaketa gaur bukatu dute, Justiziak presidenteorde ohiaren etxea miatzeko agindua eman eta egun bat geroago.

Ratok ukatu egin du zerga paradisuetan dirua duenik

Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiak esan du ez duela elkarterik "ez zerga paradisuetan, ez Europar Batasunean", Ogasunak zerga paradisuekin lotura zuten enpresa sare baten inguruan ikerketa abiatu ostean.

Bulegoa bigarrenez miatu ostean etxera iritsita, Ratok ukatu egin du Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak Bankia auziaren baitan bermea eskatu ondoren elkarteen artean dirua lekuz aldatu duenik.

Izan ere, Zerga Agentziak ikerketa abiatu du, Ratoren beraren, Maria Angeles Alarco emazte ohiaren, horren ahizparen eta iloba baten izenean dauden enpresa batzuen inguruan.

Horren harira, Jose Maria Aznarren garaiko Ekonomia eta Ogasun ministroak argi adierazi du ez duela elkarterik "ez zerga paradisuetan, ez Europar Batasunean".

Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, dirua zuritzea galarazteko finantza inteligentziako unitateak, Sepblacek, alarma guztiak piztu zituen Bankia auziko berme eskaeraren ondoren bere enpresen artean diru mugimendu handiak atzeman zituenean. Horren inguruan galdetuta, Ratok ukatu egin ditu mugimenduok.

Miaketak

Miaketei buruz, berriz, Nazioarteko Diru Funtsaren buru ohiak Justiziarekiko konfiantza eta elkarlanerako prestutasuna erakutsi du.

Ostiral honetan, Rodrigo Rato Espainiako presidenteorde ohiaren bulegoa miatu dute berriro, ikerketako iturriek eta lekukoek jakitera eman dutenez. Dagoeneko, ordea, miaketa amaitu da eta etxean da NDFren buru ohia.

Ikerketako iturriek baieztatu dutenez, Ratoren bulegoan egin duten miaketa ostegun iluntzean hasitakoaren jarraipena da. Miaketa Madrilgo Fiskaltzak eskatuta egin zen; izan ere, salaketa jarri zuen iruzurra, kapital zuritzea eta ondasunak ezkutatu izana egotzita. "Atzoko miaketa osatzen ari dira", adierazi dute gaur egindakoaren harian.

EFE albiste agentziak jakitera eman duenez, Zerga Administrazioko Espainiako Agentzia eta Madrilgo Fiskaltza informazioa trukatzen ari dira Rodrigo Ratoren beste jabetza bat miatzeko erabakia hartu badute.

Elkarretaratzea Genovan

Hainbat eragile sozialek deituta, kontzentrazioa egin dute ostiral honetan PPk Genova kalean duen egoitzan, "mafia" desagertzea aldarrikatzeko.

Kontzentrazio deialdia oso azkar zabaldu da sare sozialetan #FueraLaMafia17A etiketaren bitartez. Mezu horretan, "Ez dira sagar ustelak, mafia bat dira" lelopean egin den kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute deitzaileek.

300 bat lagunek elkarretaratzea egin dute PPko egoitzaren aurrean. Egoitza aurreko espaloian bildu dira eta Poliziaren dispositibo handi batek estu hartu ditu. Besteak beste, Gobernuaren dimisioa eskatu dute manifestariek.

Gainera, ?Rato, litxarrero, PPko kiderik txarrena?, ?Rato, litxarrero, zure aita eta aitona bezalaxe?, ?Rajoy, Cospedal, Soto del Realera? edo ?Guk ez dugu lapurretarik egin, beraiek bai?, oihu egin dute parte-hartzaileek. Bestalde, dirua itzultzeko eskatu diote presidenteorde ohiari.

Era berean, ?Estualdi gehiago? Hauteskundeak orain?, ?Sagar ustel bat? Ez. PP mafia bat da?, ?Gutunak edo txartelak, aurpegi gogorrek ordaindu dezatela behingoz?, ?Hainbeste txorizorentzako ogirik ez dago jadanik? edo ?Bandera asko, baina diru-zorroa Suitzan? pankartak erakutsi dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Popularra Ustezko ustelkeria politikoa