Politika -

Osoko bilkura

Etorkinak ez 'estigmatizatzeko' eskatu dio Gasteizko oposizioak PPri

EAJk, Bilduk eta PSEk mozio bat onartu dute, 'Gora Gasteiz'en izenean, "kolektibo ahulenekin arreta berezia edukitzeko eta ongizatea eta eskubide sozial eta kulturalak lehenesteko".

Gasteizko oposizioko kideak, artxiboko irudian. Argazkia: EITB
Gasteizko oposizioko kideak, artxiboko irudian.
Gasteizko oposizioko kideak, artxiboko irudian. Argazkia: EITB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaleko oposizioak (EAJ, Bildu eta PSE-EE) "jaioterriaren arabera pertsonak estigmatizatzera bideratutako ekimenak eta adierazpenak baztertzeko" eskatu dio PPren udal-taldeari.

Osoko bilkura egin dute gaur Gasteizko udaletxean jeltzaleek, abertzaleek eta sozialistek 'Gora Gasteiz' herri ekimenaren izenean aurkeztutako mozioa eztabaidatzeko.

Oposizioak eskatu zuen osoko bilkura aurreko larunbata baino lehen egitea, 'Gora Gasteiz' plataformak agur esan baitzuen egun horretan, ekitaldi jendetsu batean, baina azkenean gaur egin dute, eta PPk soilik bozkatu du kontra.

Gainera, Javier Maroto alkateak 'Gora Gasteizen' asteburuko jaialdia "Batasunako jarraitzaileen biltzarra" izan zela salatu eta biharamunean izan da bilkura. Hitz horiek errefusatu dituzte oposizioko talde guztiek.

Eguerdian onartutako mozioan, atzerritarrak ez "estigmatizatzea" eskatzeaz gain, "kolektibo ahulenekin arreta berezia edukitzeko eta ongizatea eta eskubide sozial eta kulturalak lehenesteko" exijitzen zaio PPri.

Era berean, Gasteizko herritarrei "manipulazioan eta gezurrean oinarritutako diskurtso interesatuak ez jarraitzeko" eskatu diete, "bizikidetza aztoratzea eta herritarrak elkarri mokoka jartzea baitute helburu".

'Gora Gasteiz' herri ekimena azaroan jarri zen abian, Marotok magrebtarrak laguntza sozialetatik bizi zirela eta ez zutela lan egiteko asmorik adierazi ostean. Kolektiboak hainbat ekintza egin ditu hiri "justuagoa" lortzeko, arrazakeriaren eta bazterkeriaren aurrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala PNV-EAJ Alderdi Popularra Albisteak migrazioa EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Euskadiko PP Gasteiz