Politika -

Cabieces auzia

Kutxabanken beste auditoria bat eta lekuko gehiago eskatu dituzte

LABek, ESK-k, STEE-EILASek, EHNEk, HIRUk, EKAk eta pentsiodunen plataformak salatu dutenez, "Cabiecesekin gertatutakoak agerian uzten du ate birakariaren negozioa".

Cabieces, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB
Cabieces, artxiboko irudian.
Cabieces, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABek, ESK-k, STEE-EILASek, EHNEk, HIRUk, EKAk eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak, Kutxabankeko ustezko irregulartasunen auzian herri-akusazioa direnak, beste auditoria bat eta lekuko gehiagoren agerraldiak eskatu dituzte, Javier Garcia Lurueñana Barne Auditoriaren arduradunarena, besteak beste.

Sindikatu eta plataformetako kide horiek prentsaurrekoa eman dute Bilbon, Jone Goirizelaia abokatuarekin batera, aurreko apirilaren 16an Mario Fernandez Kutxabanken presidente ohiak, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkari ohiak, eta Rafael Alcortak ustezko ordainketa irregular batzuengatik inputatu gisa deklaratu ostean. Cabiecesi Kutxak justifikatu gabeko 243.592 euro eman izana ari dira ikertzen.

Hurrengo maiatzaren 22rako Ignacio Sanchez Asiain Negozio zuzendariaren eta Diego Rekondo Giza Baliabideetako arduradun baten deklarazioak iritsiko dira.

Herri akusazioaren arabera, "Cabicesekin gertatutakoak agerian uzten du ate birakariaren negozioa". "Kasu honetan gainera, kontrakoa egiaztatzen ez den bitartean, inolako lanik egin gabe" egin ziren ordainketa irregularrak, Urtzi Ostolaza bozeramaileak azaldu duenez. Era berean, "kutxabankeko ustezko iruzurra eta mesedeak euskal kutxak eta Kutxabank pribatizatu nahi izan dutenen erabaki politikoa" izan direla salatu du.

Horren harira, kolektibo horiek diote ez dutela "zalantzarik" EAJ, PP eta PSE, "pribatizazio prozesuaren sustatzaileak", daudela "erabaki horren atzean, eta Cabiecesek jaso zituen mesedeak bankua kapital pribatuari saltzeko estrategiaren baitan kokatu dituzte, alderdiek abantailak lortzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea