Politika -

Erantzuna ibilbide orriari

Jaurlaritzak bake lantaldea 'desblokeatzeko' deia egin dio EH Bilduri

Koalizioak bere ekimenak bertan "azaltzea eta ahal den adostasun maila handiena lortzen laguntzea" nahi du Urkullu lehendakariaren gobernuak.

Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria. Argazkia: Efe
Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria.
Urkullu lehendakaria eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkaria. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarreko Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldea desblokeatzeko beharrezko pausoak eman ditzala eskatu dio EH Bilduri, "bertan azal ditzan dituen ekimenak eta ahal den adostasun maila handiena lortzen lagun dezan".

Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzak agiria kaleratu du koalizio abertzaleak atzo Donostian "bakea eta bizikidetza lortzeko" aurkeztu zuen "ibilbide orri" berriari erantzuteko. Proposamen horretan, "ETAren armak suntsituta desarmatze eszenatokia lortzea" dute helburu.

Gainera, aurreko astean Sortuk bake eta bizikidetza prozesuaren inguruan akordioak erdiesten saiatzeko dokumentua helarazi zion EAJri, nahiz eta alderdiaren barruan egindako beste txosten batean Andoni Ortuzarrek gidatzen duen alderdiaren jarrera inposatzailea kritikatu eta negoziazioak "porrot" egingo duela aurreikusi.

Testu horretan, 2011ko urriko "Aieteko Konferentziak markatutako ibilbidea hasieratik eta amorruz zapuztu" nahi izatea leporatu diote lehendakariari.

Jaurlaritzak gaur kaleratutako testuan, Konferentziatik hiru urte igaro direla, eta, "hitzetatik harago, ekintza eta ekimenekin aurrera egin beharra" dagoela azpimarratu du, eta hori "EH Bilduren eta Sorturen esku" dagoela.

Hori dela eta, Legebiltzarreko Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldea desblokeatzeko beharrezko pausoak eman ditzala eskatu dio EH Bilduri, nahiz eta bertan PSE, PP eta UPyD ez egon, EH Bilduk ez ziolako oniritzia eman aurreko legegintzaldian onartutako "zoru etikoari".

Azkenik, Jaurlaritzak "Euskadiren etorkizunarentzat horren esanguratsua den unearen garrantzia" azpimarratu du, eta "konpromiso argiak eta zehatzak hartzeko eta egutegi batean finkatzeko" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak EAE ETA EH Bildu Araba