Politika -

DIputatuen Kongresua

Rajoyk amnistia fiskala babestu du: 'Guk ez dugu deliturik zuritzen'

Izquierda Pluralek herrialdea "arpilatu" duten PPko buruei "babesa" ematea egotzi dio Rajoyri.

Mariano Rajoy. EFE
Mariano Rajoy. EFE
Mariano Rajoy. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen esanetan, pobrezia murrizten hasi da herrialdean, eta, horrenbestez, une honetan "garrantzitsuena" enplegua sortzea eta ongizate estatua mantentzea da.

Agintariak horrela erantzun dio Josep Sanchez Llibre CiUko diputatuari Diputatuen Kongresuan, Gobernuaren kontrolerako saioan, horrek pobreziaren aurka borroka egiteko planen bat abiatzeko asmoa duen galdetu ostean.

"Lehentasuna krisiaren eta pobreziaren aurkako borroka izan da, eta horretarako hainbat sektoretan esku hartu beharra dago; garrantzitsuena enplegua sortzea da, eta, zorionez, lortzen hasi gara", adierazi du.

Bestalde, Josep Antoni Duran i Lleida diputatuak pobreziaren aurre egiteko funts bat sortzea proposatu du, eta Espainian dauden desberdintasun sozialak "lizunak" direla iritzi dio.

"Pobrezia amaitzeko behar morala dugu", esan dio diputatu kataluniarrak Rajoyri, eta epez kanpo egindako errenta aitorpenekin lortutako dirua zeregin horretara bideratzea eskatu du. 2012tik 2014ra horrela 3.683 milioi euro lortu direla aipatu du.

Iruzur fiskala

Ustelkeria fiskala ere izan dute hizpide Kongresuan. Hori horrela, Rajoyk defendatu egin du amnistia fiskala, eta Zerga Agentziaren politikak babestu ditu.

Gobernuburuak gogorarazi duenez, Greziako Gobernuak ere amnistia fiskal bat onartu berri du, eta Espainian egindakoak "inoiz baino diru gehiago azaleratu du".

Joan Coscubiela Izquierda Pluraleko bozeramaileak herrialdea "arpilatu" duten PPko buruei "babesa" ematea egotzi dio Rajoyri. Langileei "lapurreta" egiten zieten eta hainbat familia etxetik botatzen zituzten bitartean, amnistia fiskala baliatuz "diru kriminala zuritu izana" ere leporatu dio.

"Orain ezin duzue zikinkeria hori ezkutatu; ustelkeriaren aurka borrokatu zaretela esaten duzue, baina hori ez dute sinesten ezta PPko boto-emaile erradikalenek ere", esan du.

Rajoyk ukatu egin ditu akusazioak, eta Espainiako Gobernuak eta Zerga Agentziak onartutako neurriei esker atzerrian 124.000 milioi euro azaleratu dituztela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Espainiako Gobernua bideoak Espainia albisteak