Politika -

Eguneko lerroburuak

Erabakitzeko eskubidea eta biktimen legea, eguneko albiste

Ostegun honi ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erabakitzeko eskubidea, Legebiltzarrean eztabaidagai

Eusko Legebiltzarrak erabakitzeko eskubidearen auzia edukiko du mahai gainean gaurko osoko bilkuran. EH Bilduk legegintzaldia amaitu baino lehen galdeketa egitea proposatu du, eta aukera hori eztabaidatuko dute legebiltzarkideek. Hain justu, erabakitzeko eskubidearen inguruan dituen proposamenak zehazteko deia egin zion atzo koalizio abertzaleak EAJri. Jeltzaleek, berriz, EH Bilduren proposamenari aurkeztutako osoko zuzenketa defendatuko dute: euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko eta horren inguruan galdetuak izateko eskubidea dutela, alegia. Horrekin batera, akordio politiko zabalak lortzeko eta gehiengoak erabakitakoa errespetatzeko beharra aldarrikatu dute. PSE-EEk eta PPk bi testuon kontra bozkatuko dute. Auzi hau espainiar guztiei dagokiela argudiatuko du UPyDk.

"Biktima guztiak" babesteko legea

Estatu indarkeriaren biktimen segurtasun juridikoa bermatzeko legearen aurreproiektua udazkenean aurkezteko lanean dabil Eusko Jaurlaritza, Kriminologiaren Euskal Institutuko adituekin batera. Asmoa "biktima guztiak" babestea da. Iragarpena Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak egin du ETBri eskainitako elkarrizketa batean. EAEko Auzitegiak hein batean baliogabetutako dekretuarekin zerikusirik ez duela azpimarratu du Fernandezek, eta asteak daramatzatela legea lantzen. Fernandezen hitzetan, poliziaren gehiegikerien biktimak babesteko dekretua Lopezen gobernuak garatu eta Urkullurenak moldatu zuen, baina orain "ahul eta eskas" geratu da. Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren ustez, Auzitegiaren ebazpenak ez du dekretuaren edukia ezbaian jartzen, eta ez du eragin praktikorik. Testuari zenbait zuzenketa egingo dizkiotela eta Legea onartu arte indarrean egongo dela iragarri du. Auzitegiaren erabakiaren aurka helegitea aurkeztu edo ez aztertzen ari dira orain.

Banketxeko datuen digitalizazioa

Banketxeak gure nortasun agiria digitalizatuta ez badu, gaur dugu azken eguna agiria finantza erakundean aurkezteko. Dirua zuritzea saihestu nahian, banketxeek bezero guztien datuak digitalizatuta edukitzera behartu ditu Espainiako Gobernuak. Legea izanik, bete beharrekoa da eta ezarritako epemuga (apirilaren 30a) ezin da gehiago atzeratu, banketxeek hala eskatu duten arren. Hala, datuak digitalizatuta ez dituzten horiek blokeatuta izango dituzte euren kontu korronteak gauerditik aurrera (ezingo dute dirua atera edo sartu, adibidez) eta hiru hilabetez, nortasun agiria aurkezten ez badute behintzat. Ekonomia Ministerioak gogorarazi duenez, finantza erakundeek bost urte izan dituzte Legera moldatzeko. 

Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak babestu egin du gizon homosexualek odola ematea debekatuta izatea. Izan ere,"hainbat kasutan", debekua "justifikatuta" egon daitekeela esan du. EBko hainbat estatu kidetan dago indarrean debekua; Frantzian, kasu. Estrasburgoko (Frantzia) auzitegi batek igorri du auzia EBko Justizia Auzitegira. Herri horretan, gizon batek auzitara jo zuen, homosexuala izateagatik odola ematea debekatu ziotelako. Hori dela eta, bereizketa hori egitea europar araudiarekin bateragarria ote den galdetu zion Frantziako auzitegiak Europar Batasunekoari. Epaiaren arabera, bazterketa hori ezartzeko, lehenik eta behin, gizonezko horiek gaitz kutsakor larriak izateko arriskua duten "egiaztatu" behar da.

Kopako finalerako sarreren zozketa

04.314 eta 39.054 zenbakien arteko bat duten Atheticeko bazkideek izango dute Bartzelonan maiatzaren 30ean jokatuko den Kopako finalera joateko aukera. Athleticek Errege Kopako finalerako sarreren zozketan izena emateko epea itxi zuen astelehenean, eta atzo egin zuten zozketa. Guztira, 42.809 bazkidek eman zuten izena, hau da, 44.117 bazkideen % 97k.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak