Politika -

Susana Diazen inbestidura

Baliteke Ciudadanos abstenitzea, PSOErekin itun ekonomikoa lotuz gero

Bestalde, ustelkeriaren aurkako akordioa berretsi dute, eta datozen egunetan horren nondik norakoak ezagutzera eman dituztela iragarri dute, sinadura-ekitaldi publiko batean, alegia.

Albert Rivera, Ciudadanoseko liderra. Argazkia: EFE
Albert Rivera, Ciudadanoseko liderra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andaluziako PSOErekin bildu ostean Ciudadanosek jakitera eman duenez, Susana Diazen inbestidura saioaren bigarren bozketan baliteke Ciudadanos abstenitzea, baldin eta PSOErekin "akordio ekonomikoa" lotzen badu.

Jose Manuel Villegas Ciudadanoseko idazkariorde nagusiak azaldu duenez, PSOEk eta Ciudadanosek ustelkeriaren aurkako akordioa berretsi dute, eta datozen egunetan horren nondik norakoak ezagutzera emango dituztela iragarri du, sinadura-ekitaldi publiko batean, alegia.

Bestalde, Susana Diaz Andaluziako presidente izendatzeko inbestidura saioan Ciudadanosek zer bozkatuko duen galdetu diote, eta Villegasek esan duenez, "gaur egun ezetz bozkatuko genuke", baina Diazek bere inbestidura-hitzaldian jasotzen baldin baditu Ciudadanosek egindako proposamen ekonomikoak eta fiskalak, litekeena da Ciudadanos bozketa horren abstenitzea.

Inputatuak kargudun publikoak ez izatea edo hauteskunde-zerrendan ez joatea, ustelkeria kasuetan alderdi politikoak ondare-erantzule subsidiarioak izatea eta alderdi politikoei zorren kitapena debekatzea, besteak beste, proposatu du Ciudadanosek.

Bestalde, Susana Diazen inbestidura erraztea datozen udal hauteskundeetan Ciudadanosen kalterako izango ote den galdetu diote Villegasi, eta hark esan duenez, erabakiak interes orokorraren arabera hartzen dira.

PSOE-k 'positibotzat' jo ditu bilerak

Bestalde, Juan Cornejo sozialistak 'positibotzat' jo ditu gaur Podemosekin eta Ciudadanosekin izandako bilerak, eta "oraindik negoziaketetan" azpimarratu du. Bestalde, sozialistekin biltzeko PPk emandako ezetza deitoratu du Cornejok.

Podemos, momentuz, ezezkoaren aldekoa

Podemosek, gaur-gaurkoz, ez du Susana Diazen inbestidura babestuko Andaluziako Juntako presidente izateko eta, azaldu duenez, PSOE-Aren aldetik "borondate ona" badago Podemosek inbestidura babes dezan. Halere, Podemosen arabera, PSOEk ez du erakutsi proposatutako baldintzak betetzeko "asmo garbirik", baina onartu egin dute negoziazioetan "aurrerapausoak" eman dutela.

Hala adierazi du Sergio Pascual Podemoseko Organizazio idazkariak gaur, bi orduz PSOE-Ako ordezkariekin bilduta egon eta gero, Susana Diazi proposatutako baldintzen aurrean erantzuna jaso dutelako.

Pascual Manuel Garirekin batera izan da bileran eta, azaldu duenez, bere alderdiak "baiezko edo ezezko argia" jaso nahi du, proposamenen aurrean, zehatz-mehatz, administrazioko langileriaren murrizketa "gogorra" dela eta,  eta Juntak "eurorik ez izatea" etxegabetzeak egiten dituzten bankuetan.

Halaber, Podemosen agintariaren arabera, sozialistek konpromisoa hartu dute eta bi proposamen zehatz horiei erantzungo diete. "Bitartean, gure jarrera ezezkoaren aldekoa da", esan du Manuel Gari Teresa Rodriguez Podemos-Andaluziako idazkari nagusiaren gertukoak.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia PSOE Ciudadanosi buruzko albisteak