Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadi

Gabirondo: 'Ez naiz gomazko pilotak debekatzearen aldekoa'

'Cabacas auzia'ren epaileari "erabaki beharreko erabaki dezala eta auzia itxi dezala" eskatu dio Ertzaintzaren zuzendariak.

Gabirondo: 'Ez naiz gomazko pilotak debekatzearen aldekoa'

01:44

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariak nabarmendu duenez, bera ez da "gomazko pilotak edo beste edozein arma debekatzearen aldekoa". Argudiatu duenez, "gerta liteke edozein egoerak indarkeriazko egoera bat sortzea eta gu prest egon behar gara".

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, terrorismoa eta gomazko piloten erabilera lotzea zilegi ez dela azpimarratu du Gabirondok: "Azken 30 urteetan erabili ditugun arma edo gailu guztiak zalantzan jartzea litzateke, denak ETAren kontrako borrokarekin lotu ditzakegulako", esan du.

Ertzaintzaren zuzendariaren irudiko, "eztabaida testuingurutik ateratzea da" eta armen erabileraren helburua "unean unean dauden indarrezko gertakariak indargabetzea da". Adierazi duenez, "gomazko pilotak lagungarriak izan dira, baina orain, Cabacas auziak eragin duen eztabaidaren testuinguruan, desitxuratu egin da dena".

Eusko Legebiltzarrak gomazko pilotak ez erabiltzeko eskaera egin zion apirilean, eta erabilpena "aparteko egoeretara mugatzea" galdegin. Gabirondok honako hausnarketa egin du horren harira: "Legebiltzarrak ondorio hori atera du eta gomazko piloten erabileran aurrera egin behar dela azpimarratu. Ederto, Ertzaintzak urteak daramatza eraginkortasun bera izan dezaketen beste bide, teknika, gailu edo elementuak topatzen".

Dena dela, "gerta liteke edozein egoerak indarkeriazko egoera bat sortzea eta gu prest egon behar gara. Zentzu horretan, ni ez naiz gomazko pilotak edo beste edozein arma debekatzearen aldekoa. Eztabaida ez da hori, egoera bakoitzari aurre egiteko erabiltzen ditugun gailuak egokiak ote diren baizik. Arma luzeak, laburrak, pilota jaurtitzaileak... gailu pilo bat ditugu baina bakoitza neurrian erabili behar da", erantsi du.

Gabirondoko argudiatu duenez, "izandakoa erasoaren neurrikoa izan behar da erabilitako arma. Uneren baten gehiegikeriaz jokatu badugu, epaitegiak ditugu horretarako, ikertzeko eta beharrezko ikusten badute, zigorra ezartzeko".

Cabacas auzia

Ingurumaria honetan, Cabacas auzia hartu du hizpide Gervasio Gabirondok. Azaldu duenez, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta berak zuzentzen duen Ertzaintzak "eginahalak egin dituzte" Iñigo Cabacasen senitartekoekin "harreman zuzena mantentzeko" eta "aukera dagoen guztietan, hala egiten dugu", nabarmendu du.

"Beste edozer egitea, auzia epaitegietan dagoen bitartean, txarto ulertuko litzateke eta zuhurtziaz jokatu behar dugu. Epaitegiek euren bidea egin behar dute, eta behin erabaki bat hartuta, iritsiko da omenaldi bat edo tankerako ekitaldi bat egiteko unea", argudiatu du.

Horren ildoan, epaileari auzia ixteko eskatu dio Gabirondok: "Erabaki dezala erabaki beharrekoa eta itxi dezala auzia. Hiru urte pasatu dira eta laugarrenera bidean gaude, asko dira horrela jarraitzeko", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Urteurrena Iñigo Cabacas Ertzaintza