Politika -

Eguneko lerroburuak

Maiatzaren 7ko albisteak

Ostegunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

Nigel Farage (UKIP) botoa eman eta gero. Argazkia: EFE
Nigel Farage (UKIP) botoa eman eta gero. Argazkia: EFE

E. GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde kanpaina, abian

Alderdiek egunak daramatzate euren hauteskunde mezuak botatzen. Ofizialki, baina, gaur da hastekoa hauteskunde kanpaina. Legearen arabera, gauerdian abiatu behar bada ere, arratsaldera aurreratu dituzte lehen ekitaldiak.

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk Gasteiz aukeratu dute kanpainari ekiteko; PPk eta Irabazik, Bilbon egingo dute hasiera ekitaldia, eta Podemosek, Barakaldon. Lehen hitzordua 18:00etan izango da eta azkena, 20:45.

2015eko foru eta udal hauteskundeen webgune berezian,  jarraipen estua egingo dio kanpainari eitb.eus-ek, eguneko mezu nagusiak albiste, bideo eta argazki bidez jasota.

EH Bildu EITB

Bilduren kanpaina aurreko ekitaldi baten 'mitina'. Argazkia: EiTB

Hauteskundeak Erresuma Batuan

Kanpaina atzo bukatuta, gaur dute hauteskunde eguna Erresuma Batuan. Historikoki, gehiengo zabalak eskuratu ditu alderdi garaileak (kontserbadoreak edo laboristak); oraingoan, ordea, lehia estua espero da eta galdeketen arabera, ezein alderdik ez du lortuko aise gobernatzeko babesa (biek ala biek botoen % 34 jasoko dutela aurreikusi dute inkestek).

Ingurumaria honetan, gainerako alderdiak izan daitezke gako: liberaldemokratak (David Cameron lehen ministroaren bazkideak), Erresuma Batuko Independentziaren aldeko Alderdia (UKIP) edo Eskoziako Alderdi Nazionalista (SNP).

Segiren kontrako epaiketa

Segiko kide zirelakoan, 2014ko iraila eta abenduan bitartean epaitutako 28 gazteetatik 16 epaiaren zain zeuden (Fiskaltzak 12ren kontrako akusazioa erretiratu zuen). Atzo eman zuen erabakia Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak: horietako zazpi zigortu ditu, talde terroristako kide izatea leporatuta. Gainerako bederatziak errugabe jo zituen, proba faltagatik.

Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde, Aiala Zaldibar, Bergoi Madernaz, Igarki Robles, Xabat Moran eta Ibon Esteban dira zigortutakoak. Errugabe jotakoak, berriz, honakoak: Julen Joseba Zuaznabar, Ruben Villa, Xabier Vidaurre, Garazi Autor, Oihana Lopez, Xabier Arina, Ander Maeztu, Eneko Villegas, Imanol Salina, Izaskun Juarez, Egoi Irisarri, Endika Perez, Imanol Beristain, Ikoitz Arrese, Irati Tobar, Saioa Zubiaur, Ainara Ladron Urbieta, Aitziber Plazaola, Beñat Lizeaga, Jacint Ramirez eta Xalbador Ramirez.

Hiesa, kontrolpean 2030ean?

Ostegun honek badu albiste baikorrik. Jesus Maria Calleja Munduko Osasun Erakundearen epidemiologoak Donostian egiten ari diren Hiesaren kontrako Kongresuan iragarri duenez, gaixotasuna 15 urte barru, 2030ean, kontrolpean izango dute, baldin eta ordurako gaitzak jotakoen % 90ek diagnostiko bat badute, horien artean % 90ri tratamendu egokia ematen bazaie, eta horietako beste horrenbesteri birusa atzemanezina bihurrarazi bazaie. Hori bai, horretarako, 24.000 milioi dolar inbertitu beharko dute agintariek urtero (egun 18.0000 milioi dira).  

Kongresua atzo abiatu zen Kursaal Jauregian eta ostiralean bukatuko da.

Greba futbolean

Espainiako Futbol Federazioak greba mugagabea deitu du maiatzaren 16tik aurrera, Espainiako Gobernuak telebista eskubideen banaketarako ezarritako Legearen aurka protesta egiteko.

Iragarritakoaren arabera, greba Lehen Mailako Ligaren azken aurreko jardunaldian hasiko da eta, akordiorik ezean, Athleticek Bartzelonaren aurka maiatzaren 30ean jokatu beharreko Kopako finalean eragin zuzena izango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak