Politika -

2008an Durangon

Hasi da HBren urteurreneko istiluengatik auzipetuen aurkako epaiketa

Bederatzi pertsona daude auzipetuta desordena publikoengatik Durangon, 2008an, Ertzaintzak galarazi zituen Herri Batasunaren 30. urteurreneko ekitaldietan izandako istiluengatik.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasi da Herri Batasunaren 30. urteurrenean Durangon, 2008ko apirilean, izandako istiluengatik desordena publikoak egotzita auzipetutako bederatzi lagunen kontrako epaiketa. Ertzaintzak galarazi nahi izan zituen ekitaldiak, Auzitegi Nazionalak Herri Batasunaren jarduera legez kanpo utzi ostean, eta istiluak izan ziren. Gaurko saioan inputatuek eta lekuko batzuek deklaratu dute, eta bihar beste saio bat izango da.

Hala, protesta elkarretaratzea egin dute Bizkaiko Probintzia Auzitegiaren atarian 'Konponbide garaia da. Jazarpen politikorik ez' lelopean. Ahozko saioa urtarrilaren 12an hasi behar zen, baina bertan behera geratu zen, Guardia Zibilak 'Mate' operazioaren baitan Kepa Mancisidor defentsa abokatua atxilotu ondoren.

Durangon izan ziren istiluak, 2008ko apirilaren 26an. Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren aginduz debekatu zituen ekitaldiak, Auzitegiak HBren legez kanporatzea behin eta berriz aldarrikatu eta gero.

Bederatzi auzipetuei desordena publikoak egitea leporatzen diete, eta urtebeteko kartzela zigorra eskatzen dute bakoitzarentzat. Horrez gain, kasu batzuetan bi urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ere eskatzen dute, agintarien kontrako atentatua edo erresistentzia egotzita. Defentsak, berriz, bederatzi lagunen absoluzioa eskatzen du.

Biharko saioan defentsaren lekukoen txanda izango da, eta Fiskaltzak eta defentsa abokatuek behin betiko ondorioak irakurriko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak Durango argazkiak