Politika -

'Armiarma III' operazioa

Def Con Dos taldeko abeslaria, 19 atxilotuen artean

Guardia Zibilak 19 pertsona atxilotu zituen atzo, sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita.

'Armiarma III' operazioa. EiTB
'Def con Dos' taldeko abeslariak adierazpen askatasuna aldarrikatu du

1:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare sozialetan ustez terrorismoa goraipatu duten lagunen kontrako polizia operazio zabala abiatu du asteartean Guardia Zibilak. Oraingoz, 19 lagun atxilotu dituzte sei erkidegotan, tartean EAEn, baina orotara 30-40 atzematea aurreikusi du Espainiako Barne Ministerioak.

Atzo atzemandako 19 lagunetatik, gutxienez zazpi aske utzi dituzte, baina karguak egotzita.

Zehazki, 7 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, 2 Gipuzkoan eta 3 Araban, iturri polizialek jakitera eman dutenez.

Bizkaian, bi lagun atxilotu dituzte Barakaldon, bat Getxon eta beste bat Portugaleten.

Arabako atxilotuen artean, bat Amurrikoa da eta beste bi, berriz, gasteiztarrak.

EAEtik kanpo, hiru lagun atxilotu dituzte Bartzelonan, bat Madrilen, Cesar 'Strawberry', Def Con Dos taldeko abeslaria, bat Valentzian, beste bat Vigon eta azkena Segovian.

Def Con Dos taldearen weborrian publikatutako agiri batean, Cesar 'Strawberry?-k esan du "adierazpen askatasuna" defendatzen jarraituko duela, "pentsamendu bakarrak gidatutako sistema honetan". Demokrazia eta adierazpen askatasuna elkarrekin doazela esan du. Epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zuen artista.

"Bere burua demokratikotzat duen estatu batek kritika soziopolitikoa onartu beharko luke, ezerosoa eta garratza izan arren. Konstituzioak berak lehendabiziko artikuluan jasotzen duen aniztasun politikoaren zati bat da kritika hori. Ezberdin pentsatzen duena etsaitzat ez luke hartu behar Estatuak", zehaztu du.

'Armiarma III'

Gaurkoa 2014an bi fasetan egindako 'Armiarma' operazioaren segida da, Guardia Zibilaren esanetan. Lehen fasean, apirilean, 21 lagun atzeman zituen Guardia Zibilak; bigarrenean, urrian, 19.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea