Politika -

Eguneko lerroburuak

Hauteskunde ondoko itunak eta mapa politikoa, albiste nagusi

Astearte honi ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde ondoko itunak: PSE-EEri eskua luzatu dio EAJk

Inor baztertuko ez badu ere, sozialistak lehenetsi ditu EAJk hauteskunde ondoko itunak josteko orduan. Euskadiko erakundeetan "gobernu iraunkor eta sendoak" eratzea dute helburu jeltzaleek. Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak uste du alderdi bozkatuenak duela negoziazioei ekiteko ardura.

Gasteizen Javier Maroto (PP) alkate ez izateko proposamena egin zuen EH Bilduk, eta EAJk baztertu egin zuen; PSE-EEk ere gauza bera egin zuen.

Maroto, "oso lasai"

Javier Maroto Gasteizko jarduneko alkate eta Arabako hiriburuko hautagai bozkatuena "oso lasai" agertu da oposizioko alderdiek bera kentzeko ituna egiteko aukeraren aurrean, "EAJk eta PSE-EEk ezezkoa eman dutelako jada". "Erabakita dago", erantsi du.

Hala, Marotok ziurtzat eman du beste lau urtez egongo dela Gasteiz zuzentzen, udalbatzak dituen 27 zinegotzietatik bederatzi eskuratuta. 2011n baino 3.000 boto gehiago jaso ditu haren hautagaitzak, eta Espainia osoan PPko alkategai batek jasotako babesik handiena da.

'Aldaketa' helburu, Geroa Bai negoziatzeko prest

Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak gaur ekingo dio Nafarroan gobernu berria eratzeko negoziazio errondari. Barkosek lehen harremanak izan ditu jada.

PSNk UPNren gobernuaren alternatiba osatzen parte hartu nahi duen erabaki behar duela uste du Geroa Bairen zerrendaburuak. Erregionalistek nabarmendu dutenez, oposizioan egongo dira, "inolako arazorik gabe".

Mario Rajoyk ez du autokritikarik egin

Alderdi Popularrak hauteskundeetan izandako datu txarrengatik autokritika egitea saihestu du PPko buruak. Estatu osoan, 500 gehiengo oso eta bi milioi eta erdi boto galdu ditu, baina, halere, ez du ez Espainiako Gobernuan ez PP alderdian aldaketarik egiteko asmorik.

"Hautagai onena" bera dela eta PPk jendearengandik "gertuago" egon eta hobeto komunikatu behar duela adierazi du, baina ez du bere kudeaketa kritikatu.

Ahal Duguk eskua luzatu du

Aldaketa du helburu nagusi Ahal Dugu alderdiak, eta, hala, badaki gainerako alderdiekin ados jarri beharko duela. Pablo Iglesias Podemoseko buruak adierazi duenez, alderdiak eskua luzatuta du, baina herritarrek aldaketaren alde egin dutela esan dio PSOEri.

Hala, litekeena da Podemosek babestu dituen Ahora Madrid eta Barcelona en Comu hautagaitzek Madril eta Bartzelonako gobernuak osatzea eta Extremaduran eta Gaztela-Mantxan aldaketa bideratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak