Politika -

Ebazpena

Arraizen kontrako kereila tramitera onartu du EAEko Auzitegi Nagusiak

Guardia Zibilari "xake mate" ematea eskatzeagatik Dignidad y Justiciak Sortuko presidentearen kontra aurkeztutako kereila onartu du Auzitegiak hiru aldeko botorekin.

Arraiz: 'Herri honek Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea da'

01:48

E. GARAIKOETXEA | eITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasier Arraiz Sortu presidenteak Guardia Zibilari "xake emate" ematea eskatzea polizia hau iraintzea eta mehatxu larria egitea dela iritzita, haren kontra Dignidad y Justicia elkarteak aurkeztutako kereila tramitera onartu du EAEko Auzitegi Nagusiaren Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak.

Gaur kaleratutako autoan Fiskaltzaren tesiarekin bat egin du Auzitegiak, bi magistratuk, Nekane Boladok eta Borja Iriartek boto partikularra eman duten arren. Arraizek kalumnien eta irainen delitua egin duelakoan dago Auzitegia, baina Dignidad y Justiciak salatutako bestea, Espainiari mespretxu egitearena, baztertu du. Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak eta Antonio Garcia eta Roberto Saiz epaileen egin dute erabakiaren alde.

Guardia Zibilak presoen alde lan egiten duten abokatuen kontra egindako 'Mate' operazioaren ondotik Arraizek egindako adierazpenak aztertu ditu Auzitegiak. Sortuko presidenteak urtarrilaren 12an eta 14an, Donostian eskainitako bi prentsaurrekoetan, adierazi zuenez, "Estatu terrorista baten aurrean gaude, zalantza barik". Horrez gain, honakoa esan zuen Arraizek: "Guk diogu herri honek Guardia Zibilari xake mate emateko unea dela".

Tramitera onartzeko ebazpena babestu duten hiru epaileen ustez, Arraizen adierazpenak "oso larriak" dira eta ez dira "bote prontoan eta ondo hausnartu gabe" egindakoak. Are, euren aburuz, indar polizial honen kideak "baztertzeko, etsai moduan hartzeko eta gorrotatzeko dagoen giro sozialari hauspoa" eman zion Arraizek. Hiru epaileek adierazpen askatasunaren printzipioez eta mugez luze aritu dira ebazpenean. Ondorioztatu dutenez, adierazpen askatasuna "ez da absolutua" eta mugak ditu. Arraizen adierazpenak muga horiek gainditu zituela ulertuta, kereila onartu dute, Dignidad y Justiciak 1.500 euroko fidantza ordaintzea ezarri badute ere.

Nekane Boladoren boto partikularra

Nekane Bolado magistratuaren aburuz, ordea, Arraizen asmoa ez zen Guardia Zibilaren "ospe onaren kontra aritzea eta hura ahultzea", baizik eta operazioan polizia honek erakutsitako jarrerari "kritika politikoa egitea". Boladok onartzen du, dena den, Sorturen presidentearen adierazpenak "probokatzaileak" izan zirela eta "beharrezkoak ez" zirela, "baina hori guztia ez da nahikoa delitu direla esateko", betiere epaile honen iritzian. Adierazpen askatasunaren auzia ahotan, jurisprudentziari erreferentzia egin dio Boladok, eta defendatu du ika-mika politikoan askatasun hori lehenetsi behar dela.

Borja Iriarteren boto partikularra

Antzerako argudioak eman ditu Borja Iriartek. Otegi auzian (Erregea "torturatzaileen buruzagia" deitzeagatik zabaldutakoa) Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako ebazpena eta Gorenak eta Konstituzionalak adierazpen askatasunaren harira emandako beste erabaki batzuk jarri ditu mahai gainean. Iriarteren iritzian, Arraizen adierazpenak "probokatzaileak eta gustu txarrekoak" dira baina ez dira delitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Azken albisteak Sortu EAE Hasier Arraiz berriak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea EAEko Justizia Auzitegi Nagusia