Politika -

AUZITEGI NAZIONALA

Goioaga inputatzea eskatu du Velascok, ETAko kide izatea egotzita

Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, ETAren espetxe fronteko kide da Amaiurko senataria, eta antolatutako egitura bat osatzen du ETAko presoen beste abokatuekin batera.

Iñaki Goioaga Amaiurko senataria prentsaren aurreko agerraldi batean.
Iñaki Goioaga Amaiurko senataria prentsaren aurreko agerraldi batean.
Iñaki Goioaga Amaiurko senataria prentsaren aurreko agerraldi batean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko abokatuak Iñaki Goioaga Amaiurko senataria inputatzea proposatu dio Auzitegi Gorenari, ETAren espetxe fronteko kide izatea egotzita, abokatuen kolektiboaren bitartez.

Arrazoitutako azalpen batean, espetxe frontearen instrukzioa Auzitegi Gorenera igortzea erabaki du, Goioaga senataria izanda, foruduna delako. Talde terroristako kidea izatea, terrorismoa finantzatzea, ogasunaren kontrako delitua, gizarte segurantzari iruzurra egitea eta dirua zuritzea leporatzen diete espetxe frontearen instrukzioan auzipetutakoei.

Auzitegi Nazionaleko epailearen arabera, ETAren kartzela fronteko kide da Amaiurko senataria, eta antolatutako egitura bat osatuko luke ETAk presoen beste abokatuekin batera. Epailearen iritzian, abokatu lana probesten dute abokatuek, "ETAk ezarritako jarraibideak aurrera eramateko".

Gobernuak bakea “zapuztu” nahi duela salatu du Amaiurrek

Espainiako Gobernuak Euskal Herrian zabaldutako “bake bidea zapuztu” nahi duela salatu du Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak. Cuadraren ahotan, Goioaga inputatzeko proposamenarekin Exekutiboak iraganeko garaiak “etsipenez oroitzen” ditu.

“PPko Gobernuaren jokabide mendekatiak ez du mugarik. Alderdi Popularra egungo agertoki politikoan eroso ez dagoela demostratzen ari da”, kritikatu du Cuadrak prentsaurrekoan, Diputatuen Kongresuan. Gobernua “funsgabeko” operazio “mediatiko eta polizialekin joko zikina” egiten ari dela salatu du Amaiurreko ordezkariak.

Amaiurreko diputatuaren hitzetan, Gobernuak “elkartasuna kriminalizatu” eta presoak defentsarik gabe utzi nahi ditu; izan ere, euskal presoak babesten dituzten elkarteak eta kolektiboak jazartzen ari da.

Hala eta guztiz ere, PPk bake prozesua “zapuztea” lortuko ez duela ohartarazi du Cuadrak. Azkenik, presoak hurbiltzea eta gaixo daudenak aske uztea eskatu du berriro Amaiurreko diputatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala