Politika -

Auzitegi Nazionala

Inputazioaren atzean 'bultzada politikoa' dagoela uste du Goioagak

Bestalde, 'gatazka konpontzeko Espainiako Barne Ministerioaren ildoarekin bat ez datozen planteamenduak kriminalizatzeko saiakera' salatu du.

Iñaki Goioaga abokatu eta Amaiurreko diputatua. Artxiboko irudia: EiTB
Iñaki Goioaga abokatu eta Amaiurreko diputatua. Artxiboko irudia: EiTB
'Bere lana aurrera eramaten duelako da etsaia Iñaki Goioaga'

00:24

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Goioaga abokatu eta Amaiurreko diputatuak salatu duenez, "bultzada politikoa" dago bere kontrako inputazioaren atzean, eta "gatazka konpontzeko Espainiako Barne Ministerioaren ildoarekin bat ez datozen planteamenduak kriminalizatzeko saiakera" dagoela gaineratu du.

Goioagaren kontra abiarazitako auzibidea salatzeko agerraldia egin dute gaur Bizkaiko Abokatuen Elkargoak Bilbon duen egoitzan, eta bertan izan dira Iñaki Goioaga, Jone Goirizelaia eta beste hainbat abokatu. Aste honetan Iñaki Goioaga inputatzea proposatu dio Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Auzitegi Gorenari, abokatuen kolektiboaren bitartez ETAren espetxe fronteko kide izatea egotzita.

Goioagak onartu du ez duela ezustean harrapatu Velascoren eskaerak, eta adierazi du bai bera bai gainerako abokatuak egiten ari diren lan juridikoa berresten dutela. "Estatu polizial honen aurrean zuzenbide-estatuaren printzipioetan sinisten dugu", azaldu du.

"Defentsarako eskubidean, laguntza juridikoan, errugabetasun printzipioan eta benetako babes judizialerako eskubidean sinisten dugu, eta ez dugu sinisten, ostera, dinamika inkisitorialetan, nahiz eta horiek judikaturatik etorri", gaineratu du. Presoen abokatuen kontrako auzibidea lan profesionalaren aurkako injerentzia dela salatu du.

Goioagak erabat gezurtatu du bere kontrako inputazioa eta baita auzibide berean inputatuta dauden gainerako abokatuen kontrako inputazioak ere.

Halaber, Auzitegi Nazionaleko magistratu batzuek gatazka konpontzeko Espainiako Barne Ministerioaren ildoarekin bat ez datozen planteamenduak kriminalizatu nahi dituztela salatu du.

"Inork ez du zalantzan jartzen gisa horretako operazio horien atzean dagoen bultzada politikoa", adierazi du, eta nabarmendu du ez daukala ezer ezkutatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amaiur albisteak