Politika -

EGUNEKO titularrak

EAJ-PP bilera, Guggenheim eta buruz buruko finala, lerroburuetan

Astearteko bost albiste nagusien lerroburuak, horra.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJren Arabako exekutiboak Marotoren 'keinua' aztertuko du gaur

Javier Maroto Gasteizko PPren alkategaiak arrazakeriaren eta iruzurraren aurkako konpromisoa eskaini zien atzo oposizioko taldeei, asteburuan Andoni Ortuzarrek "keinu bat" eskatu ondoren. Gaur, Marotoren agerraldiaren ostean, bilerak egingo dituzte EAJren eta PPren exekutiboek, Araban.

Gasteizko Udala osatzeko lau egun falta direnean, Javier Maroto PPren hautagaiak ez du oraindik akordiorik lortu Alkatetzan jarraitu ahal izateko. Maiatzeko hauteskundeetan 9 zinegotzi lortu zituen PPk, eta oposizioan dauden alderdiek ituna egingo balute, Maroto Alkatetzatik botako lukete.

Nafarroan, bestalde, aldaketa geroz eta gertuago dagoela dirudi. Sergio Pascual Podemos alderdiko Antolakuntza idazkari nagusiak, alderdiaren bileraren ostean egin duen prentsaurrekoan, baieztatu egin du Nafarroan Geroa Bairi babesa eskainiko diotela.

Espainiaren erantzuna NDFri: 'Ez ditugu zergak igoko'

Espainian zerga bereziak eta ingurumenari lotutakoak igotzearen alde azaldu da Nazioarteko Diru Funtsa, eta, horrekin batera, ''BEZaren lehentasun tratamenduak pixkanaka-pixkanaka murrizten'' joatearen alde. Hezkuntza eta osasun mailan, erkidegoetan koordainketa handitzea ere proposatu du.

Atzo Espainiaren aurreikuspen ekonomikoaren inguruko txostena kaleratu zuen Nazioarteko Diru Funtsak, eta, NDFk bertan esan zuenez, erakundeak uste du Espainian, erkidego mailan, fiskalitatean aurreztu lezakeela, hezkuntza eta osasun arloetako zerbitzuetan kostuak murriztuta.

Mariano Rajoyren Gobernuak jada erantzun du, eta lasaitasunerako mezua igorri du, zergak igoko ez dituela iragarrita. Hezkuntza eta osasun mailan erkidegoetan koordainketa ez dutela igoko ere esan du Espainiako Exekutiboak.

Pobrezia gordina hirukoiztu egin da bost urtean Nafarroan

Nafarroan txirotasun gordinean bizi diren herritarren kopurua duela bost urte baino hiru aldiz handiagoa da, Nafarroako Caritas elkarteak gizarte bazterkeriaren inguruan egin duen txosten baten arabera.

Angel Iriarte Iruñea-Tuterako Caristaseko zuzendariak, Guillermo Fernandez Caritaseko Ikerketa Taldeko kideak eta Miguel Laparra eta Nerea Zugasti Nafarroako Unibertsitate Publiko irakasleek atzo aurkeztu zuten txostena komunikabideen aurrean.

Zugastiren esanetan, Nafarroan txirotasunaren joera "oso kezkagarria" da, bost urtean hirukoiztu egin baita pobrezia gordinean bizi diren herritarren kopurua. Estatu Espainiarrean, berriz, bikoiztu. "20.000 pertsona bizi dira pobrezia gordinean, biztanleriaren % 3,1, 2013ko Pobrezia Mailaren arabera", azaldu zuen.Koonsek 'inoiz baino dotoreago' erakutsiko du bere lana, Guggenheimen

Jeff Koons arte garaikidearen sortzaile gailenetako baten lana ikusgai jarriko du 2015eko ekainaren 9tik irailaren 27ra arte Guggenheim Bilbao Museoak. Estilo bereziko artistaren proposamen heterodoxoaren bilakaera kronologikoki antolatuta ikusi ahalko da bertan.

Whitney Museum of American Art New Yorkeko museoarekin, Parisko Pompidou Zentroarekin eta Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan antolatu dute erakusketa.

Koonsek atzo, erakusketaren aurkezpenean, azaldu zuenez, Guggenheimen paratutako bilduma "ikaragarria" da, eta, bere esanetan, "nire lan batzuk sekula ez dira Bilbon erakusten diren bezain dotore ikusi".

Gaur hitzaldia eskainiko du Koonsek, Guggenheimen, 18:00etatik aurrera, eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du.

Finala hilaren 28an jokatuko da

Oinatz Bengoetxeak ezkerreko eskuko hatz erakuslea hautsita du, eta ez dago igandean Buruz Buruko Txapelketako finala jokatzeko moduan.

Bengoetxeak Bilbon eman zuen atzo goiza. Victor Galan espezialistarengana joan zen, atzamarra nola duen jakiteko, eta, ondoren, enpresarekin bildu zen, erabaki bat hartzeko. Ekainaren 28ra atzeratu dute finala, ordurako jokatzeko moduan egongo delakoan.

Olaizola aurkariak, bitartean, lansaioa egin zuen atzo Bizkaia frontoian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak