Politika -

Ekainak 21

Gure Esku Dagoren ekitaldietan parte hartzera deitu dute EAJk eta ELAk

Koldo Mediavilla jeltzaleak egin du deialdia, Info 7 irratian. ELAk ere ekimenarekin bat egin du, ohar baten bidez.

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 21ean Gure Esku Dagoren ekitaldietan parte hartzera deitu du astearte honetan EAJk. Hain zuzen ere, Koldo Mediavilla jeltzaleen EBBko Arlo Instituzionaleko arduradunak egin du deia, Info 7 irratian egin duen elkarrizketan.

''Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da, herritarrek bultzatu behar dutena. EAJtik dei egiten diegu herritarrei ekainaren 21eko ekitaldietan parte hartzera. Erabateko gehiengo bat eta babes zabal bat dagoenean heinean, eskubide hori aintzat hartuko da, goizago edo geroago'', adierazi du.

ELA

Bestalde, ELA sindikatuak ere hilaren 21erako antolatutako ekitaldietan parte hartzeko deia egin du. Ohar baten bidez, sindikatuak ''babesa erakutsi nahi die ekainaren 21ean erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatu eta eskubide hori egikaritzeko dugun borondatea azaldu asmoz Gure Esku Dagok antolatu dituen ekitaldiei''.

''ELAk txalotu egin nahi du mugimendu hau egiten ari den lana; mobilizazio handiekin batera borondate berri eta pluralak biltzea lortzen ari da, auzoz auzo eta herriz herri'', adierazi du idatzi horretan.

Horregatik, sindikatuak dei egin die bere militanteei eta afiliatu guztiei ekainaren 21eko ekitaldietan parte hartzera.

''Oso erraza den gauza bat adierazteko modu polita izango da: normalena jendea kontsultatua izatea eta eragiten dion guztiaren inguruan erabaki ahal izatea da'', gaineratu du sindikatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea Eusko Langileen Alkartasuna Gure Esku bideoak